Arrangoitze eta Biarritz artean ospatzen ari den Piano Klasikoa festibala arrakastaren izarpean

Argitaratua: 2010-08-04 10:31:40

Astelehenarekin hasi zen Piano Klasikoa festibalaren lehen edizioa arrakastaren izarpean ari da musika zabaltzen. Lehen egunean Biarritzeko Bellevue zabalgunean 600 pertsona bildu ziren hiru ordutako kontzertua entzutera. Gaur izanen da bigarren gaualdia, kostaldeko hiriko Palais hotelean izanen da oraingoan. Bizjak ahizpen animatuko dituzte pianoaren soinuak entzutera hurbilduriko musika maitaleak. Agorrilaren 9a bitarte beste eskeintza harrigarriak prestatu dituzte antolatzaileek gune ezberdinetan.

Kultura deskubritze-tailerrak antolatu dituzte aurten ere Hendaian

Argitaratua: 2010-08-03 10:21:53

Uda honetan bigarren aldikotz, Hendaiako Herriko Etxeko Kultura eta Euskara zerbitzuek nahi dutenei euskal kultura eta ondarea beste molde batez ezagutzea proposatzen die: praktikatuz! Deskubritze-tailerrei esker, Hendaiarrek zein kanpokoek 5 kultur jarduera frogatzeko aukera ukanen dute, abuztuaren 19ra arte. Eskainitako gaiak anitz dira: txalaparta, kale antzerkia, euskal kantuak eta dantzak, edota arte plastikoak.

Jakintzak eta arteak elkartzen dituen festibalak alaituko du besten biharramuna Baionan

Argitaratua: 2010-08-02 11:06:47

Baionako Saint Etienne hiri bizitza zentroak hiriburuko besten biharramunari ikuspegi ludikoa eta denei irekia eskeintzen du. Agorrilaren 2tik 6ra Festival des savoirs et des arts ekimenaren baitan atelier jolasgarriak eta sorkuntzari lotuak eskeiniko dira egunero arratsaldeko hiruretatik aurrera. Auzoko mediatekako liburuzainak aire zabalean ipuinak irakurriko ditu ere.

"Xahakoa" pastorala gauez ikusteko parada Barkoxen

Argitaratua: 2010-08-01 11:42:33

Pastoral bat gauez eskeintzen den lehen aldia ez baldin bada ere aurtengo pastoralaren bigarren emanaldiak mendi arteko iluntasunaren xarma izanen du gehigarri. Larunbat gaueko bederatzietatik aurrera Attuliren bizitzaren berri ematen duen pastorala eskeiniko dute barkoxtarrek. Estreinaldia joan den igandean egina izanik aste honetako emanaldirako aktoreak askoz aiseago direla azaldu du Joanes Etxebarria antolatzaileak. «Lasaitasun askoz gehiago nabari da aktoreen artean, bereziki lehenengoa ongi atera baitzen».

Euskaltzaindiak euskaltzain emeritu izendatu du Jean-Louis Davant

Argitaratua: 2010-07-30 11:24:08

Uztailaren 23an, Donostian egindako osoko batzarrean, Euskaltzaindiak euskaltzain emeritu izendatu du Jean-Louis Davant euskaltzain osoa. Emeritu izateko, 75 urte beteak izan behar dituzte eskaltzain osoek. Jean-Louis Davant 1935eko uztailaren 5ean jaio zen, Ürrüstoin (Zuberoa). Laborantzan ingeniaria da. Hazparneko Laborantza Ikastetxean irakasle izana da eta gaur egun jubilatua dago. Enbata mugimendu abertzalearen bultzatzaileetariko bat izan zen. Idazlea da, eta pastoral-antzerki askoren egilea. Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen Davant 1975eko otsailaren 28an.

Michel Labeguerieren heriotzaren 30. urteurrena kari omenaldia Kanbon

Argitaratua: 2010-07-30 10:27:02

Michel Labeguerie zendu zenetik 30 urte betetzen direnean omenaldi beroa eskeini diote Kanbon. Gaur arratsean meza baten ondoren kultura gizona eta politikaria gogoan izan dituzten hainbat pertsonaia ezagunek hitzaldia eskeini dute. Vincent Bru Kanboko auzapezarekin batera Jean Haritschelhar eta Mikel Erramuspek hartu dute hitza, baita omenduaren alarguna den Rita Labegueriek ere. Labeguerie musikaren munduan ezaguna egin zuten hainbat kantu ere abestu dituzte omenaldian zehar.

Igande bitartean ospatuko dute Boisen (AEB) Jaialdi 2010

Argitaratua: 2010-07-27 11:32:52

Uztailak 27an hasita eta agorrilaren 1a bitartean ospatuko da Boisen (AEB) euskal diasporako ekitaldirik jendetsuena Bost urtean behin egiten da Jaialdi eta aurten nehoiz baino bisitari gehiago espero dituzte. Boiseko Oinkari dantza taldearekin 50. urteurrenarekin bat eginen du besta honek eta modu berezian ospatu nahi dute hitzordua Boiseko dantzariek. Taldetik pasa diren belaunaldi ezberdinetako ahalik eta dantzari gehien bildu nahiko lituzkete uztailaren 31an, San Inazio kari, eginen duten dantza agerraldian. Irudian agertzen den Hendaiako Mutxiko elkartea izanen da Ipar Euskal Herritik Jaialdira joan den talde bakarra.

Xahakoa pastoralaren lehen emanaldiak kantuz eta dantzaz bete ditu Barkoxeko soro eta mendiak

Argitaratua: 2010-07-26 11:40:56

Hogei eta lau jeikaldi eta abantzu hiru orduko ikusgarria eskaini zuten atzo Barkoxeko herritarrek bertara hurbilduak ziren bi mila bat lagunen aitzinean. Sei hilabetez prestakuntza eta hobekuntza saioetan ibili ondoren, Xahakoa pastoralaren ehun bat jokalariek ederki ekin zioten ikusgarriari ikusleen irri eta abesteko gogoak piztuz. Mendi magalez inguraturik, pentze batean finkatua zuten pastoraleko jokalari, kantari, dantzari eta abereak jasoko zituen taulada. Momentu horretan, urtero xiberotarrek lantzen duten obraren ohiko itxura agertu zitzaien ikusleei, baina, itxuratik errealitatean sartuz, Patrick Queheille Kanpo egileak tradizioa hein batean moldatzeari ekin ziola agerian geratu zen.

Ozeanoa artearen ikuspegitik begiratua Biarritzeko Bellevuen

Argitaratua: 2010-07-26 10:58:01

Biarritzeko Bellevue jauregiak itsasoari eskeiniko erakusketa hartuko du uda guztian zehar. Urriaren 3ra bitarte “Ozeanoa”ren baitan XIX. mendetik XXI. mendera artistek ur masa erraldoiarekin izan dituzten harremanen ondorio diren obrak deskubritu daitezke. Arte garaikideari dagokionez Dezoteux da Euskal Herriaren irudia erakusten duen bakarra, baina erakusketaren lehen zatian, XIX. mendeari eskeinia dena, Ramiro Arrue bezalako margolariak ere atzeman daitezke.

Patrick Queheille: "Xahakoa pastoralean Attuliren ezpitia islatzea entseatu niz"

Argitaratua: 2010-07-23 13:42:41

Patrick Queheille da aurtengo Pastolaleko idazlea. Joanes Etxebarria kazetaria eta bertsolariaren batera Baionarat hurbildu zauku igande huntan emanen duten pastoralaren barrukoak azaltzeko. Dena prest dute Barkoxen, Alexis Etchekopar Attuli idazle eta koblalariaren bizitza jorratzeaz gain, II Mundu Gerrako gertakariak biziarazten du Xahakoa pastorala: Gurseko esparru zentroa, mugalariak, alemanen okupazioa, miliziak herriko gazte baten ehaitea eta, azkenik, libratzearen boztarioa. Xahakoak ez du Attuliren ibilbidea kronologikoki jorratzen, "bere ezpitia eta bizitzeko modua islatzen entseatu niz" azaldu du Queheillek.