Arrangoitze eta Biarritz artean ospatzen ari den Piano Klasikoa festibala arrakastaren izarpean

Argitaratua: 2010-08-04 10:31:40

Bizjak ahizpek gaur gauean pianoa joko dute Biarritzeko Palais hotelean.

Astelehenarekin hasi zen Piano Klasikoa festibalaren lehen edizioa arrakastaren izarpean ari da musika zabaltzen. Lehen egunean Biarritzeko Bellevue zabalgunean 600 pertsona bildu ziren hiru ordutako kontzertua entzutera. Gaur izanen da bigarren gaualdia, kostaldeko hiriko Palais hotelean izanen da oraingoan. Bizjak ahizpen animatuko dituzte pianoaren soinuak entzutera hurbilduriko musika maitaleak. Agorrilaren 9a bitarte beste eskeintza harrigarriak prestatu dituzte antolatzaileek gune ezberdinetan.

Etorkizunean musika klasikoaren munduan izen handiak bilakatuko diren gazteei jotzeko tokia eskeini nahi die festibalak. Gazte dinamiko eta gogotsuen bitartez batzutan zaharkituaren fama duen musika klasikoak jendetza zabala erakartzeko gaitasuna duela erakutsi du.

Chopin eta musikari errusiarrak dira festibalaren lehen edizioan omenduak, horrela Chopin Gaua, "Ballet Errusiarrentzako" musika, Stravinsky, Tchaikowsky...entzuten ahalko dira. Aldi berean teknikoki musikari gogotsuen beharra izanik ikuslego zabalarentzat erakargarriak diren piezek osatzen dute programazioa.

Biarritzeko gune ezberdinak Arrangoitzeko jauregiarekin partekatuko dituzte musikarien interpretazioak. Gazteluko emanaldiak goizetan eginen dira eta arratsak kostaldeko hirian edo Arrangoitzeko elizan gozatzeko parada izanen da. Gaur gaueko emanaldiaz gain Biarritzen itxiera kontzertua eskeiniko da. Bellevue zabalgunean eginen da berriz eta Monsolo Quatuorarrekin batera Muye Wu piano jolea arituko da Chopinek mi txikian konposatu zuen pianorako lehen kontzertua eskeintzen.

Irekiera borobila
Asteleheneko irekiera gaualdi arrakastatsuan baladak, preludioak, fugak, valsak, mazurkak... klasikoaren baitan atzeman daitezken musika ezberdinen eskeintza izan zen. Chopinen repertorioa bost musikari gazteen eskuetatik zabaldu zen. 23 urteko Tristan Pfaff musikariak ikuslegoaren txalo beroak jaso zituen. Festibaleko zuzendari artistikoa den Thomas Valverdek ere giro goxoa sortu zuen.

Jaialdiari buruzko informazio guztia ekimenerako bereziki sorturiko webgunean atzematen ahal da.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi