Udako Ikastaroak, gertuago

Argitaratua: 2010-06-10 20:29:46

UEUk Gertu lelopean ospatuko ditu 38. Udako Ikastaroak. Ipar Euskal Herrian izanen diren ikastaroak aurkeztu dituzte Baionan. Bigarren urtez, IUT unibertsitatearen egoitzan ospatuko dira ikastaroak eta bi unibertsitateen arteko elkarlana azkartzeko nahikeria agertu dute bai UEUko zuzendariak, Lore Erriondok, baita aurkezpen ekitaldian presente izan den Xalbat Berterretche, IUTeko zuzendariak. Orotara 9 ikastaro antolatu ditu aurten UEUk Iparraldean. Historia, osasuna, pedagogia eta sexologia arloetako gaiak jorratuko dituzte uztailaren 5etik 9ra Lapurdiko hiriburuan izanen diren atelieretan.

Maite UBIRIA | BAIONA
UEUko udako ikastaroen 38. edizio honetan guztira 38 ikastaro antolatu dituzte. Lore Erriondok, UEUko zuzendariak azaldu duenez Gertu lelopean burutuko dira aurtengo ikastaroak

Erriondok azaldu duenez, «gertu hitzak esanahi bat baino gehiago du euskaraz. Alde batetik, gertuk hurbiltasuna esan nahi du, eta zerbait bada, UEU erakunde hurbila da; bestetik, gertuk ere prest egotea esan nahi du eta, bistan denez, guztiz prest gaude gaur aurkezten ditugun ikastaroetarako jendearen matrikula jasotzeko».

UEUko zuzendariak bere poza agertu du udako ikastaroak IUT unibertsitatean izanen direlako. Egoitza aproposa dela erranez aitzina begira elkarlanean sakontzeko nahikeria agertu du Errondok.

Aurkezpen ekitaldian parte hartu duen Xalbat Berterretche, IUTko zuzendariak azpimarratu duenez, «helburu berdintsuak ditugu: hezkuntza, formazioa, erakasleen arteko harremanak azkartzea... IUT frantziar unibertsitatean sartzen da, arlo teknikoan espezializaturik gaude eta euskarak toki tipia du gure formazioetan, horregatik, bata bestaren laguntza biziki interesagarria da, neurri batean lan osagarria egiten dugulako».

Mementuz IUT-ren egoitza eta materialen erabilpenera mugatzen da bi erakundeen arteko hitzarmena. Izan ere, aurrerantzean, elkarlanean sakontzeko asmoa agertu dute bi zuzendariek.

Egitarauari dagokionez, guztira 38 ikastaro antolatu ditu aurten UEUk. Horietarik 16 Eibarren, 9 Baionan eta 13 Iruñean ospatuko direlarik. Udako Ikastaroetako arduraduna, Irati Iciar-ek azaldu duenez, bost jakintza arlotan banatuta egongo dira ikastaroak: artea eta musika, giza zientziak, ingeniaritza eta teknologia, osasun zientziak, zientzia aplikatuak, eta gizarte zientziak. Azken hau izanen da jakintzarik nagusiena, Baionan ere.

Ipar Euskal Herrian uztailaren 5etik 9ra igaroko dira udako ikastaroak. Eneko Bidegain, Jean-Louis Davant eta Piarres Xarriton arituko dira "Ipar Euskal Herria gerlan artean. 1918ko garaipenetik 1940ko porrotera" izenburu duen historia ikastaroan. (uztailak 5-7).

Bestalde irakasle, buraso eta oro har hezkuntzarekin lotura duten herritarrendako bereziki interesgarria izan daitekeen eskeintza prestatu du UEUk. Hartara, haur-masajea (uztailak 6-8 ), yoga-teknikak ( uztailak 7-8) eta dantza tradizionala ( uztailak 6-8 ) baliabide pedagogiko gisa landuko dituzte.

Hortaz gain garapen pertsonalarekin loturiko beste hainbat jakintza jorratuko dituzte Baionako ikastaroetan: hala nola etxeko erremedio tradizionalak ( uztailak 5-8 ), erresilentzia eta buru-mapa. Azkenik sexologiaren domeinuan tantra (uztailak 5-9) eta sexu-hezkuntzari buruzko (uztailak 5-7) atelierrak proposatzen dituzte.

Baionako udako ikastaroen eskeintza aberasteko nahian ohikoa denez hainbat ekintza osagarri antolatuko dituzte. Erremedio naturalak eta egoera ekonomikoa aipagai izanen dituzte bi hitzalditan.

Aurtengo ikastaroen beste berezitasun bat aipatzearren, ikasleek Angeluko aterpetxean gera daitezke baina horretarako ekainaren 20aren aitzinean eman beharko dute izena UEUra telefonoz deituta.

Udako Ikastaroetan parte hartu nahi dutenek izena emateko epea zabalik dute janeko. Matrikula UEU-ren webgunearen bidez egin behar da. Hona hemen helbidea.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi