Basterretxeak sortu eta Bedaxagarrek eginiko oroigarria ezarri dute Senperen

Argitaratua: 2010-03-01 18:59:20

Nicolas MOLLO argazkia.

Lapurdi 1609-2009 batzordeak eginiko lana borobiltzera etorri da iragan larunbatean Senperen egindako ekitaldia. Basterretxeak sortu eta Bidaxagarrek egin duen eskulturari buruz 1609an Lapurdin izan ziren gertakari lazgarrien oroimena behin betirako gordeko dute Senperen. jende anitz bildu zen oroitgarriaren inaugurazio ekitaldian. De Lancre inkisidoreak bere jujamenduak egiteko erabili zuen jauregiaren parean dagoen enparantza «1609ko plaza» izendatua izan da, eta bertan finkatu dute eskultore handiaren lana.

«Eskoletan erakutsi ziguten historia ez zela gurea ulertu ondoren 1609ko gertakariak ahalik eta hurbiletik ezagutzea eta bide batez hil zituzten emazteak omendu nahi izan genituen» azaldu zuen Mixel Mendiboure batzordeko sortzaileak larunbateko ekitaldia aurkezteko prentsaitzinean.

Lapurdi 1609-2009 batzordeak ekitaldi anitz burutu ditu gertakari lazgarriak oroitarazteko. Claude Labat historialariak konferentziak eman ditu eta batzorde berak mintzaldiak burutu ditu. Ekimen horien ondoren, «ohartu gira jujatuak, preso altxatuak eta erreak izan ziren emazte horiek gure arbasoak baizik ez zirela» laburbiltzen du Mendibouruk.

Bere erranez, «artistek laguntzen dute gure memoria historikoa gordetzen eta gure kultura azkartzen». Mendiboureren ustez «Nestor Basterretxeak eginiko obra ekarpen izugarria da, are gehiago, berari esker Europan 1609 gertakariak gogorazten duen obra bakarra izanen da Senperen».

Hori ospatzeko musika, dantza, kantak eta mintzaldiak antolatu dituzte oroitgarriaren estreinaldia kari.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi