BEC-eko bertsolari xapelketaren finalaren argazkia Baionan errepikatuko da
Abenduaren 13an Barakaldoko BEC-en bizitako une hunkigarriak gogoan dituzte milaka bertsozalek. Oholtza gainean izan ziren 8 bertsolarik eginiko lan bikaina errepikatu ote da ? Heldu den otsailaren 13an, Baionako antzokia nagusian, lau urtean behin ospatzen den finaleko protagonistak izanen dira. Lapurdi 1609-2009 batzordeak azken hilabetetan burutu lana borobiltzera dator punta-puntako bertso saioa.
Maite UBIRIA / BAIONA
Heldu den otsailaren 9an aurkeztuko dute ofizialki bertso-saioa. Izan ere, Lapurdiko hainbat txokotan bertsozaleendako hitzordu berezi horren berri ematen dituzten afitxak ezarriak ikusi ditugu jadanik.
1609. urtean Lancre inkisidore garaian Lapurdin egindako sorgin-ehiza oroituz ekitaldi anitz egin dira iaz Ipar Euskal Herrian. Gertakizun lazgarri haien 400 mendeurrena kari egitarau aberatsa garatu du Lapurdi 1609-2009 batzordeak. Mintzaldiak eta erakusketak antolatu dituzte, eta antzerkia edo argitalpenaren arloan ere ekimenak ez dira falta.
Senpere herrian, otsailaren 27an, Nestor Basterretxeak eginiko eskultura inauguratuko dute. Aitzina begira, Lapurdiko emazteek pairatu zuten jazarpena gogoratua izan dadin balio du artistaren lanak.
Udaberri aldera liburu bat argitaratzeko asmoa du batzordeak eta antzerki bat ere prestatzen ari dira iaz abiatu oroitzapen zikloari amaiera emateko.
Izan ere, heldu den otsailean 13an Baionako antzoki nagusian antolatu bertso saioari garrantzi berezia ematen dio Mixel Mendibourek. Badira pare bat hamarkada "Baionako antzoki nagusian bertsorik ez dela entzuten" gogoratzen du. Garai hartan Daniel Landartek finalistekin saioa egitea lortu zuen Baionan. "Baina, geroztik ez da egina izan», azpimarratu du Mendibourek.
Urtebete darama Lapurdi 1609-2009 eta Bertsolarien lagunen elkartea ekimena antolatzen. «Ez da erraza izan. Urte betez aritu gara lanean», azaltzen du Mendibourek.
Arrazoi askorengatik, historikoa izan daiteke heldu den otsailaren 13an Baionako antzokian ikusiko den irudia. Euskal emazteenganako bereziki iluna den pasarte historiko bat hitzen bitartez marrazteko Maialen Lujanbio, xapela bereganatu duen lehen emaztea, izanen da oholtza gainean egun hartan Baionan.
Hernaniko bertsolariaren ondoan, Andoni Egana, Jon Maia, Aitor Sarriegi, Unai Iturriaga, Sustrai Colina, Amets Arzallus eta Aitor Mendiluzek Joana Itzaina gai emailearen aginduetara bertsotan jardungo dute.
Lapurdi 1609-2009 batzordeak Bertsularien Lagunak elkartearen laguntzaz antolatu du bertso-saioa. Bir maneran, Baionako Herriko Etxea, Euskal Irratiak eta Kutxa laguntzaileen artean agertzen dira.
Antolatzaileek heldu den otsailaren 9an emanen dituzte bertso-saioa kari xehetasun guziak. Hala ere, txartelen prezioa ezaguna da jada. Sartzea 15 eurotan ezarriko dute ( langabetuek eta ikasleek 10 euro ).
Bileteak ondoko tokitan izanen dira salgai: Larraldea (Senpere); Elkar megadenda (Baiona); Xaia ostatua (Pausu), Kalaka ostatua (Donibane-Garazi), Herri ekoizpena (Maule) eta Tana ostatua (Ziburu).
( Bertso-saioa otsailak 13an, arratseko 17.00etatik goiti ospatuko da 500 ikusleendako tokia duen Baionako antzoki nagusian ).








