Betiko euskal etxea deskubritzeko parada Donapaleuko mediatekan

Argitaratua: 2010-08-07 10:45:46

Mungiako baserri zahar bat. Argazkia Pedro Maria BASANEZ.

"Euskal Herriko baserriak" izena daraman erakusketa agorrila guztian zehar, irailaren 3rarte, ikusgai izanen da Donapaleuko mediatekan. Zazpi probintzietako etxeen argazkiak eskeintzen dituen muestra honi esker betiko euskal etxea deskubritzeko parada eskeintzen zaio bisitariari. Pedro Maria Basañez arkitektoak eginiko etxe zaharren argazkiak formato handian aurkeztuak dira.

"Oraindik jendearen bizitoki diren baserri edo etxaldeen argazkiak deskubritzen ahal dira, nahiz eta oraindik erabiliak izan horietarik gehienak mendeak dira altxatuak izan zirela" adierazi du Amikuzeko mediatekako arduradunak.

Euskal Herriko betiko arkitekturaren erakusle dira argazkiak. Nahiz eta lurraldez lurralde ezberdintasunak argiak diren, denen artean den estilo batasuna nabaria da argazkien bitartez eskeitzen den irudian. Zazpi probintzietako etxaldeen ordezkapen egokia egina izan da erakusketarako.

Euskal arkitektura
"Jendeak preziatu egin du erakusketa, batzuk euskal etxea ezagutu nahi dute eta horien deskubritzeko elementu batzuk badira. Ez dira berezitasunak landuak izan, baina orokorki Ipar eta Hego Euskal Herriko etxaldeak ikusten ahal dira" azaldu du Euskal Kultur Erakundeko ordezkari batek.

Erakusketa Eusko Jaurlaritzak egina izan da Pedro Maria Basañez arkitektoaren laguntzarekin. Jaurlaritzak EKEri eman dio Ipar Euskal Herrian zehar zabaldua izan dadin: "Euskal diasporarentzat eginiko erakusketa bat da, Euskal Etxeetan emateko munduan zehar, eta ale bat eman ziguten hemen ere erakutsia izateko". Miarritzeko mediatekan aurkeztua izan da ianeko eta etorkizunean beste herri batzuetan ere zabaltzea aurrikusten da.

Erakusketa Amikuzeko mediatekako animazio gelan ikus daiteke. Irekiera ordutegiak eta erakusketari buruzko datu gehiago Euskal Kultur Erakundeko webgunean atzematen ahal dira.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi