Bidasoafolk jaialdia txalaparta tradizionaletik soinu afrikar eta zeltetara ibiliko da jauzika

Argitaratua: 2010-08-07 10:40:43

«Hiru hiri, bi historia, kultura bat» lema du aurten hamargarren edizioa betetzen duen Bidasoafolk jaialdiak. Txingudi badian zehar, munduko musikak eta kulturak nahastuko dira hiru egunetan. Agorrilaren 20tik 22ra Hendaia, Hondarribia eta Irungo hirietan musika aberatsek bertako paisaia ederrekin eginen dute bat.

Bidasoa-Txingudi mugaz gaindiko Partzuergoak antolatzen du jaialdia, Txingudiko badiako Herriko Etxeetako kultura arduradunekin elkarlanean, eta hiru hiri horietan kokatzen ditu eszenatokiak. Mundu osoko musika estiloak erakusten dituen leiho txiki baten izaera hartzen du agorrilako hiru egunetan zehar Bidasoafolk jaialdiak, baita berarekin batera Irun, Hendaia eta Hondarribiak ere.

Hamargarren edizioa izanen da aurtengoa. Hiru hirietako eszenatoki eta karriketan era guztietako tradizioak, kulturak eta historiak presente izanen dira hamar urte hauetan izen handiko artista askoren musikaren eskutik. Artista horien artean, Carlos Nuñez, Maria del Mar Bonet, Eliades Ochoa, Eliseo Parra, Benito Lertxundi, Manuel Luna, Ruper Ordorika edota Teruelgo danbor jotzaileak izan dira, besteak beste.

Jaialdiaren izaera anitza ikusirik, eskualde hau Gipuzkoaren eta Lapurdiren arteko kultura eta turismo gune bihurtu nahi dela ikusten ahal da errezki, aldi berean kultura ezberdinen topagune eta musika partekatzeko topagune.

Hiriz-hiri, egunez-egun

Abuztuaren 20tik 22ra bitartean ospatuko dute jaialdia, eta herri bakoitzak bere eguna izango du; hala, txalaparta hotsek emango diote hasiera, Hondarribian, Astigarragako Kiriko taldearekin, eta egun berean Joao Afonso portugaldarrak hiri musika afrikarra eta portugaldarra nahastuko ditu, Urbália Rurana taldeak valentziar eta mediterranear musika emanaldia eskaini baino lehen.

Hilaren 21ean urrunagoko soinuak zabalduko dira Hendaian, Reunion irlako Leila Negrau, Cabo Verdeko Mayra Andrade eta DJ Lord Sassafrasekin -munduko musika anitz nahasten ditu DJak, rock, funk eta etno-tecno estiloekin-.

Azken egunean Europa iparraldetik etorritako artistekin amaituko da jaialdia, Irunen. Lehenbiziko emanaldia Bretainiako Gwennyn-en musika tradizionala izango da, eta azkenik, Irlandako Altan taldeak bere eragin zeltak erakutsiko ditu Irungo kaleetan, 21.00etatik aurrera.

Bidasoa Folken webgune ofiziala.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi