Bizi luze bat Okatxuri, eta bihar hegaldatuko diren artzain-artzaintsa tippi guzieri!

Argitaratua: 2010-10-25 15:33:00

Okatxu sortu da. Birritan jaio dela erran daiteke, gainera. Lehenik Okabe mendiaren hegalpean dagoen arditegi batean mundurat etorri da axuria. Mattin Irigoien gidoilariak, Asisko Urmeneta marrazkilariak, Adur Larrea koloristak eta Kepa Altonaga hizkuntza-zaindariak eginiko lanari esker, gaurdanik, "4 eta 80 adina artean", edonork, ardi manex buru beltzaren abenturak segitu ditzake, publiko ororendako gaur sortu baita ofizialki Okatxu. Euskal Herriko Artzainak elkarteak eginiko komandari erantzunez, artzaingoa eta mendiko biziari buruzko komikia Garazi aldeko bortuetarik Euskal Herri osora zabaltzeko lana partekatu dute "Argia" astekari euskaldunak eta Kukuxumusuk. Lurraman atxemanen duzue estreinekoz liburua.

Maite UBIRIA | BAIONA

Pantxoa Etxeberrik aitortu duenez Euskal Herriko Artzainak elkarteak eginiko komanda eta Okatxu komikiaren sortzaileek asmatu istoria ehunetik ehun bat ez etorri arren, "diskurtso fatalistatik aldendurik, artzainen ofizioa ezagutaraztea zen proiektuaren xedea eta, zentzu horretan, emaitza bikaina dela erran behar dugu".

"Oraingoko eta hemengoko obra bat nahi genuen, gure ofizioaren irudia berreskuratzeko, baliabide modernoak baliaturik... hori zen gure nahikeria, eta satifoz gira emaitzarekin", gaineratu du Euskal Herriko Artzainak elkarteko kideak.

Mattin Irigoien antzerkigileak eta umoreak harreman hertsia dutela bista da. "Oraingoan, euskarri berri batekin entsegua egin du Ainizakoak eta "publikoaren erantzunaren zain" dagoela aitortzen dauku.

"Kukuxumusu-ren ardi horren prototipoa harturik, axuri baten begietatik mendi artzaingoaren mundua erakusteko komanda egin zigun artzainen elkarteak; baldintza horietarik aitzina... dena libre! Konfiantsa osoa egin digutelako gure esker onez agertu nahi dugu" azaldu du Irigoienek.

Lehenik zuten beldurrak uxatzeko lan frango egin behar izan dute, gidoiaren gainean marrazkiak eta ondoren koloreak, bata bestearen ondoan ezarriz, "kate interesagarria sortu arte".

"Beldur ginen etnografia munduan sartzea, museo baten historia kondatzea, edo barne turismoaren ikutua emaitea gaiari euskaldunkeria elikatuz... bertze beldurra zen diskurtso politikoki zuzena hedatzea, komikiak trasgresorea izan behar baitu" laburbildu du. Okatxu tipia bezala, izuak bazterrean utzita, heldu leku ezberdinak dituen istorioa osatu dutelako kontent azaldu da Mattin.

"Bada errealitatetik, bada fantasiatik, bada misterioa, eta zer erran irri eta auto-trufa anitz ere" aipatu dauku gidoilariak komikiaren orriak pasatzen zituen bitartean.


Asisko Urmenetak elea eta marrazkia, biak ala biak maneiatu ditu Okatxuren munduaren berri emateko gaurko aurkezpen ekitaldian. Horrerako arbela xuria izan du lagun. Azaldu duenez, Okatxu ez da bakarrik munduan, xifra batekin baizik ezaguna ez den ama bat badu, eta, ustez, bere aita duen Ferranddo artzaina bada ere.

Primaderan Okabeko arditegitik bortura eramana izan eta gero, beldurrez hastapenean, beste kabala ainitz gurutzatuko ditu axuri tipiak: Kamomila Serbiako hartz izikorra, Masakre basomutila, Arranondiran sai joalduna, mitologiako Patxazerrama urde arkaikoa, Koiote amerikar aferanta eta haren karga misteriusa, Unax eta June bilbotar mendizaleak....

Unibertso berri eta koloretsu horren sortzaileek toka, noka, zuka eta xuka... Oztibarre ibarreko mintzaira-forma aberatsak ezarri dituzte pertsonaien mihian. Horrek prebentzio tipia sortu dezakeela aitortu du Peio Zubiriak, "ahalegin bat egitera behartzen gaituelako". Hala ere, esfortzu hori berehala plazerra bilakatzen dela goraipatu du "Argia"ko kazetariak.

Ostiraletik goiti, "hegal egiten" bildumaren lehen jaio-berria salgai izanen da Lurrama azokan, preseski Euskal Herriko Artzainak elkarteko mahainan. Handik aurrera, Euskal Herriko ohiko liburu saltokietan eskura izanen da liburua. Durangoko Azoka gero eta hurbilago dagoela ahantzi gabe.

(Irakurri "Argia" astekarian: "Ardi jendea, umorez hordi" lemapean Gorka Bereziartuak idatziriko artikulua )


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi