Brasil eta Kolonbia, Biarritzeko Latinoamerikako jaialdiko protagonistak
Latinoamerikan kultura arloan dauden berrikuntza eta aldaketen isla izango da aurten ere Biarritzeko jaialdia. Irailaren 27an hasi eta urriaren 3an amaituko da festibala eta izanen diren berrikuntzak ezagutzera eman ditu Marc Bonduel zuzendariak, aurtengo egitaraua aberatsa izanen dela esanez. Lehiaketan izango diren filmen zerrenda guztiz finkaturik ez badago ere, aurtengo edizioan zinemagile gazteak nagusituko direla jakinarazi du Bonduelek. Luis Sepulveda idazle txiletar ezagunarekin literatur topaketak antolatu dira festibalaren baitan.
Ainize BUTRON | BIARRITZ
Latinoamerikara «bidaiatzeko gomita» luzatuz zabalduko da ondoko irailaren 27an Latinoamerikako kulturen eta zinemaren Biarritzeko jaialdia. Aurten XIX. edizioa izanen du eta, urtero bezala, kontinente horretan zinema, dokumental eta literatura alorretan eta, oro har, artean izan diren berrikuntza guztien «ispilu» izan nahi du.
«Gure jaialdia ez da zinema jaialdi arrunta. Latinoamerika gai orokor gisa azaltzen duen festibala da. Horrek behartzen gaitu kontinente horretako herrialdeetan egiten diren berrikuntza guztien berri izatera eta zabaltzera», nabarmendu du Marc Bonduel jaialdiko zuzendariak.
Bonduelek seigarren edizioa du aurten jaialdiaren buruzagitzan. Ibilbide horren balantzea egitean, jaialdiak bilakaera handia izan duela goraipatu du. Nazioarteko zinema jaialdietan, Brasilen, Argentinan edota Mexikon ekoizten diren filmek duten arrakastaz gain, herrialde horietako gizartean gertatzen ari diren aldaketak ikusteko aukera izaten dela nabarmendu du.
«Duela sei urte, jaialdia antolatzen hasi ginelarik, gai politikoak ziren nagusi pelikuletan. Gaur egun, berriz, eguneroko bizitzari loturiko gai arinagoak jorratzen dira, eta horrek ikusleak erakartzen ditu. Politika arloan bizi izan diren aldaketek gizartean eragina izan dute, eta, gaur egun, gauza berri eta interesgarri asko gertatzen ari da Latinoamerikako herrietan», aipatu du.
Brasilgo aldaketa politikoa eta Kolonbiako festibal zaharrena
Biarritzeko jaialdian azken urteotan ikusle kopurua handituz joan da. «Iaz 25.000 lagun bildu ziren zinema aretoetan. Argi dago ikusleei egungo Latinoamerikako zinema erakargarriagoa zaiela», gehitu du. Festibalak aldaketa politiko eta sozial horiek azaltzeko duen xede horretan, aurtengo edizioan, Brasilek leku berezia izanen du.
«Lula presidenteak Brasilen aldaketa asko eragin ditu. Urrian hauteskundeak izango dira, beraz, Lularen urteen balantzea egin nahi izan dugu», argitu du. Hitzaldietatik kanpo, Brasilgo fikziozko filmak, dokumentalak eta film laburrak izanen dira ikusgai lehiaketan izango diren proiekzioetan.
Kolonbiako zinema Cartagenako nazioarteko zinema jaialdiari omenaldia eginez ezagutaraziko dute. Latinoamerikako festibalik zaharrena da Cartagenakoa, eta aurten berrogeita hamar urte betetzen dira sortu zenetik. Hitzordu horretan sarituak izan diren filmen selekzio bat aurkeztuko dute Biarritzen.
«Jaialdiaren azken egunerako Sepulveda eta Iban Zaldua euskal idazlearen arteko topaketa antolatu dugu. Literaturan aurten oso egitasmo aberatsa izanen dugu», nabarmendu du Marc Bonduel zuzendariak. Luis Sepulveda aurtengo gonbidatu nagusia bada ere, Latinoamerikako beste zenbait idazle ere hurbilduko dira Biarritzera. Luis Britto Garcia venezuelarra, Lucia Puenzo argentinarra eta Juan Villoro mexikarrarekin topaketak izanen dira.










