Donapaleuko Otsail Ostegunak berritz hasten dira

Argitaratua: 2012-02-02 12:33:31

Aurten ere, Zabalik elkarteak Otsail Ostegunak deitutako mintzaldi zikloa bideratuko du Donapaulen. Hilabeteko lau ortzegunetan honako gaiak jorratuki dituzte: gizartearen eragina uraren kalitatea; Nafarroako erresumaren sortzea; Jean Pitrau xiberotar laborari sindikalistaren ibilbidea eta Gartxot marrazki bizidun luzemetraia. Lehen bi hitzaldiak Donapaleuko herriko zerbitzugunearen gibeleko gelan eta beste biak Postaren gibeleko Hitzargi gelan iraganen dira 20:30tan.

Otsailaren 2an, Donostiatik etorritako Surfrider Foundation erakundeko hiru kideen laguntzaz gizartearen jarduerek uraren kalitatean duten eragina aztertuko dute. Lehenik uraren kalitatearen bisai eta ezaugarri ezberdinak jorratuko dira. Ondoren uraren kalitatea babesteko plantan ezarria den legeztapena aipatuko dute. Azkenik, norberak bere etxean zer egin dezake uraren kalitatea babesteko azalduko dute. ( Pelle Errezaretek barantailaren 2ean izanen den mintzaldiaz hitz egin du Xiberoko Botzan ).

Otsailaren 9an, Nafarroako erreinuaren sortzeari buruzko ( 711-905 ) mintzatuko da Gasteizko Euskal Herriko Unibertsitatean historia erakasle den Juanjo Larrek. Erresumaren sorrera "musulmanen kontrako
gordailu kristau menditar baten bezala azaldu da". Aldiz azken aurkikuntza arkeologoek eta berrirakurpenek jakiterat eman dutenez musulmanen presentzia pentsatzen zen baino haundiago izan zen. Horren aparte, frankoek Nafarrokoa erresumenari begira hartu zuten jarrera eta "Pirinioetako iparraldeko jendeek" jokatu zuten errolaz hitz egingo du mintzalariak.

Otsailaren 16an, Jean Pitrau xiberotar laborari eta sindikalistaren bizia aipatuko dute. Horreri buruz liburu bat idatzi duen Aguxtin Errotabehere kazetariak du gaualdia animatuko. Jean Pitrau Atharratzen sortu zen 1929an. Hamalau urterekin eskola utzi eta laborantzan hasi zen. Ondoren, laborari giristino gazteen elkartean sartu zen eta bertan jaso zuen prestakuntza. Gaztea zelarik, garaiko ohiko laborarien sindikatuarekin bat egin zuen, eta, Estatu frantses mailan bere arduraduna bilakatu zen.

Otsailaren 23an, zikloaren azken mintzaldian, Asisko Urmeneta eta Juanjo Elordirekin Gartxot marrazki bizidun filmari buruzko bi solasen ukaiteko aukera izanen da. Filmak "bardo" izeneko herriaren oroimena eta kultura gordetzen duen kantariaren bizitza jorratzen du. Eta horixe da Orreagako abade berriak nahi ez duena. Hargatik, Gartxot, bertako bardoa, deserriratu eta Mikelot, haren semea bahituko du euskaraz baino latinez kantatuko duen fraide bihurtzeko. Alta, Mikelotek ihes eginen du eta berriro hasiko da kantuan aitarekin, herriz herri.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi