Donazaharreko artista eta artisanoak deskubritzeko parada eskaintzen du Rencontres des arts elkarteak

Argitaratua: 2009-07-03 12:21:27

Philippe Franzen artistaren obra bat

Jadanik ezagutuak diren eta ezagunak bilakatzeko mentura duten lekuko hainbat artista eta artisanoren lanak deskubritzen ahal izanen dira uztailaren 11tik 19 arte. Rencontre des arts elkarteak antolatzen du erakustaldi hau eta Donazaharren polikultura gelan antolatzen dute ekimen kultural hori.

"Rencontres des arts" elkarteak Donazaharreko herriari bere garrantzai eskaini nahi dio antolatzen dituen ekimen kulturalen bitartez. 2001eko urteko abenduan osatua, elkartearen helburua lekuko artistek egiten duten lana errekonozitua eta zabaltzea da.

Izan ere, urtero sasoi berdinean, hau da uztailaren erdia ingurutan, lekuko artistei ateak idekiz, publiko zabalari bere obrak ezagutzeko parada eskaintzen du antolatzen duen erakusketa eta egun kulturalari esker. Batzu dagoeneko Pariseko gune kulturaletan ezagunak dira eta beren erakustokia Parisen plantatua dute. Besteak, Euskal Herrian egoten dira beren obrak herritarrei zabalduz.

Hala, Arrossagaray Céline, Daudignon Bernadette, De Goeje Andrès, Dumora Jessica, Franzen Philippe, Lacroix François, Lalanne Catherine, Landaburu Suzanne, Lebrun Jacqueline eta Philippart Bertrand lekuko margolarien obrak izanen dira erakusketan.

Indart Jean Pierre estruktularia, Kattina Urruti eta Thierry Corrieras zeramika lantzen dutenak, Richter Daniel argazkilaria eta Alexandre Viera eta Jean Marie Rimbault baso ufatzaileak agertuko dira baita ere Donazaharreko polikultura gelan.

Uztailaren 12an, igandearekin, "Orreaga, historia eta leihenda" izendaturiko konferentzai antolaturik izanen da goizeko 11ak 30tan polikultura gelan. Eskualdeko historialaria den Philippe Mayték du mintzaldia animatuko.

Ondotik, "Chez Bera" jatetxean bazkaria eskainia izanen da 17 eurotan. Lekuen atxikitzea galdegina da jatetxera deituz 05 59 37 10 01 zenbakira. Arratsaldeko 4ak 45etatik goiti Lau Haizetara koralak kontzertua eskainiko du urririk Donazaharreko elizan.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi