EHZ jaialdia bilan ekonomikoa prestatzen ari da geroari buruzko hautua hartu aitzin

Argitaratua: 2010-09-02 13:46:28

Atzo arratsean EHZ festibalean lanean aritu ziren 75 laguntzaile bildu ziren hiru besta egunak nola joan ziren aztertzeko. Antolakuntzan lan egin zuten 14 lan-taldeetan dena «arras ongi» pasatu dela ziurtatu dio zuzendaritza taldeko kide den Eneko Gorrik KAZETA.INFOri. Alta, orain konplikatuagoa den bilan ekonomikoa ari dira prestatzen antolatzaileek: «Diru anitz galdu zen ostiralean eta dirua irabazi zen larunbata eta igandean, orain zenbat izan zen ikusi behar da eta konkretuki erakundeek zenbat emanen digute ostiraleko katastrofeari aurre egiteko». Bilan hori heldu den asteetan emanen da argitara eta anartean festibalaren jarraipena ez da ziurtatzen ahal, nahiz eta segitzeko «nahikeria biziki handia den».

Idoia ERASO / BAIONA
14 lan-taldeek egin lanaren bilana landu zuten atzo lagultzaileek eta orokorrean dena positiboa izan da. Iaz baino 100 laguntzaile gehiago hurbildu dira Heletara aurten eta horrek antolatzaileen poza sortu du. Aldi berean bolondres guztiak eskertzeko bazkari edo afaria (oraindik ez da deliberatua izan) prestatzen ari dira eta laster iraganen da.

Antolakuntza teknikoaren bilana gauzatu ondoren hurrengo ediziorako aldaketarik aurrikusiko lirateken galde eginik Gorrik ezezkoa eman du: «Bilana positiboa izan da eta aldaketak bikain pasatu dira, beraz ber formula eta ber formatoa atxikitzeko nahikeria dugu».

Baina nahikeria handiena EHZ festibalak bere bidea egiten segitzea da, orain ostiraleko diru galtzea nola konpondu izanen da afera. Erakunde ezberdinekin biltzen ari dira egunotan, gaur esaterako Biarritzeko auzapezarekin elkartu dira, «aspaldiko partaidea dugu eta laguntza handia eskeintzen digu». Bestalde horrelako laguntza handia eskeintzen ez duten erakundeekin ere bilduko dira antolatzaileak ostiraleko katastrofeari aurre egiteko diru-iturri berriak lortu eta festibalaren jarraipena ziurtatzeko.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi