EKEk inkesta berriak burutuko ditu Baxenabarreko hainbat herritan ahozko memoriaren programaren kariaz

Argitaratua: 2008-10-22 17:48:53

Nafarroako Unibertsitatea eta Euskokultur Fundazioa partaide dituen programa 2005.ean abiatu zen Nafarroa Garaian eta 2007az geroztik Euskal Kultur Erakundeak (EKE) bere gain hartu du Baxenabarreko 75 herritan adinako jendea galdekatzeko eta beren testigantzen artxibatzeko lana. Urtea amaitu aitzin, orain arte bildutako materialari, beste hogei bat lekukotasun gehituko dituztela kontatu digu Terexa Lekumberri ikertzaileak.

Joan den buruilean Baxenabarreko herri bakoitzari buruzko ezaugarriak emateko lana abiatu da. Terexa Lekumberrik azaldu digunez, aro berri honetan ahozko memoria biltzeko lanak bere zabaltasun osoa hartzen du, «alde batetik pertsonen testigantzak biltzen ditugularik, eta bestetik, inkestaren emaitzak ingurunean kokatzen direlako».

Euskal Kultur Erakundeak 2007tik goiti parte hartzen du Nafarroa Garaitik bultzatutako programa honetan. Lekumberrik gaineratzen duenez, «Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Euskokultur fundazioaren artean Nafarroa Garaiko merindadeak hartu dituzte, eta bigarren erakunde horren bitartez Euskal Kultur Erakundeak beregain hartu du ikerketa Baxenabarren egiteko lana».

Kontseilu Orokorraren, Akitaniako Kontseiluaren eta Baxenabarreko PCD-ren eskutik jasotako diruak lan bilketa hasterako espero zuten baina urrunago eramateko parada emanen duela azpimarratzen du EKEko ondarearen zerbitzuaren arduradunak.

Ikerketa gainerako herrietara eraman aitzin, EKEk bere metodologia frogatu zuen Amikuzeko kantonamenduan. Orotara hamar bat testigantza bildu ziren bertan. Lehenengo lanaren emaitza pasa den martxoan plazaratu zuten Donapaulen.

«Gure asmoa da urte bukaerarako beste hogei bat inkesta bukatzea», azaldu digu Lekumberrik. Une oro, lanaren kalitatea bermatzeko ahaleginak egiten dituztela gaineratzen duelarik. Inkestan parte hartuko dutenen aukeraketa lanetan eskualde bakoitzean izendaturiko aholkularitza taldeak laguntzen du. «Beraien laguntzaz mintzaideen aukeraketa eta solasaldietan agertuko diren gaiak zehazten ditugu». Testigantza jasotzeko eta modu egokian erregistratzeko orduan Euskal Irratien, herriko kultur elkarteen eta Aldudarrak bideo bezalako lagunak aritzen dira.

Finean, EKEk muntaketa eta artxibatzeko edo indexatzeko lanari ekinen dio lekukotasunen iraupena bermatzeko.

NUPek beregain hartu du ikerketaren lana zabaltzeko ardura. Hartara, lau hizkuntzatan kudeatutako web gunea sortu dute. Navarchivo.com helbidean Nafarroako eskualde ezberdinetan bildutako lekukotasunak agertzen dira. Era berean, erakunde bakoitzak, bere kasa, ahal den eta zabalpen gehien emanen dio bildutako informazioari. EKEren kasuan, webaren bidez, bere ikerketaren emaitza Baionako artxibo nagusiaren esku utziz.

Artzainen arteko solasaldia

Ahozko memoriaren lan bilketan buru belarri sarturik zirela, beste egitasmo bat gurutzatu da bidean. Garaziko sindikataren eta Aezkoako ordezkarien eskutik, "mugako bi aldetan baina eremu berdina partekatzen duten hamalau bat artzainen lekukotasuna biltzeko parada izanen dugu", azaltzen du Terexa Lekumberrik. Egitasmo berriaren emaitzak ikerketan islatuko dutela gaineratzen du ikertzaileak.

Gauzak horrela, ahozko memoriaren kariaz, Nafarroa osoan martxan den ikerketaren helmuga luzatuz doa.

«Gure aldetik jada 2010-2011 data markatzen dugu, lan bilketa lanari amaiera emateko», erranez agurtzen gaitu Lekumberrik. Ordurako, 150-200 lekukotasun biltzea nahi du ikertzaile taldeak.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi