Ekimen ugariz osaturiko egitaraua eskainiko du, aurten ere, Iparra Hegoa asteak

Argitaratua: 2010-03-05 12:15:25

Nicolas MOLLO argazkia.

Urte mordoa da Urruña eta Segurako elkarte batzuk hartu-emanetan jarri eta, elkarrezagutza sustatu nahian, Iparra Hegoa ekimena abian jarri zutela. Geroztik, Euskal Herriko beste elkarte batzuk gehitu zaizkie eta urtero, urtero aste bat antolatzen dute. Aurtengoa, 15. edizioa izanen da eta martxoaren 22tik 28ra hainbat ekitaldi prestatu dituzte.

Ekimen ugariz osaturiko egitaraua eskainiko du, aurten ere, Iparra Hegoa asteak. Elkar ezagutza sustatzeko helburuarekin, kultur eta festa giroko ekitaldiez gain, gai sozialak ere jorratuko dituzte martxoaren 22tik 28ra. Aurretik, 20an, mus-txapelketaren finala burutuko da.

Beñat Elizondo, Kuxkuxtu txaranga urruñarreko kideak eta Luli Telleria Elorri elkarteko ordezkariak, egitaraua aurkezterakoan, lagun-taldeen arteko topaketa izaten hasi zena, egun oso finkatua dagoen ekimena dela nabarmentzen dute: «Kultura eremutik harago, alor soziala edota ekonomikoarekin zer ikusia duten gaiak ere jorratzen ditugu» esan zuten, aurten lurraren gaiaren inguruan egingo dituzten mintzaldiak aipatu aitzin.

Herri-eskubideak, lurraren beroketa eta Lapurdiko AHTren proiektua hizpide izango dituzte martxoaren 22, 23 eta 24ean hurrenez hurren, gaiotan trebatuak diren hizlarien partehartzearekin.

Bertso-afaria, Segura eta inguruko eta Sara, Senpere eta Urruñako ikastoletako haurren eguna, margolanen lehiaketa, herri-kirolak, dantzak, musika, sukalkien txapelketea, Araba, Nafarroa eta Irulegiko ardoen dastaketak, herri-bazkaria, kontzertuak... Egitarau aberatsaren zehaztasunak izateko iparrahegoa.blogspot.com helbidera jotzea gomendatu zuten.

Mus txapelketaren finala
Bestalde, Orreaga elkarte nafarrarekin eta beste batzuekin orain hiru urte martxan jarri zuten Euskal Herriko mus-txapelketaren finala martxoaren 20an izango dela gogorarazi zuten. Lurralde guztietako ia 2.000 bikotek hartu dute parte aurten eta horietako 128k jokatuko dute finala Seguran.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi