Elektrotasuna II gaualdiak arrakasta handia ukan du

Argitaratua: 2009-03-16 15:29:08

EHZ-k berriz ere bere parioa irabazi du, elektro musikak Euskal Herrian bere lekua duela frogatuz. Azaroan 1.300 pertsona bildu eta gero, 1.500 ikusle elkartu dira asteburu honetan Hazparneko Mendeala gelan egindako Elektrotasuna II gaualdian, kontzertu gela lepo betez.

DJ Skilz miarriztarra, DJ Mon Colonel, eta nazioarteko erreferentzia bat den Birdy Nam Nam laukoteak ibiakoitz gau osoa animatzen ibili dira. Azken hauek eskaini duten ikuskizuna zinez berezi eta ikustekoa izan da. Taldeko lau DJak elkarrekin mix-ean aritu dira, oso gutitan ikusten den estilo batean.

Argiak BNN-en eskaintzaren zati oso bat dira, eta ikusleek kolore guztietakoak ikusi dituzte. EHZ-ren aurkezpen bideo bat ere hedatu zuten pantaila handian.

Elektrotasuna I gauean hasitako lanak jarraipena izan du, EHZ-k publiko berri batera hurbiltzen segitu baitu: "Lehen gauean Hip Hop doinuek leku handia zuten. Aldi honetan, elektroa izan da nagusi, eta arrakasta ederra izan da" dio EHZ-ko laguntzaile batek. Giro aldetik, ez da inolako arazorik izan, eta denek gauaz izpiritu sanoan gozatu ahal izan dute.

Festibala hurbiltzen ari da (uztailak 3-4-5 Heletan) eta EHZ-ren indar guztiak horretara itzuliak izanen dira hemendik aitzina. Hala ere, Elektrotasuna bi gaualdien arrakasta ikusirik, EHZ-k horrelako proiektuekin jarraituko du. Elektroaz haratago, beste gaualdi-kontzeptu batzuk eginen ditu segurki. Ideiak ez dira falta, eta arrakasta hor izanik, Elektrotasunak ideki bidetik jarraituko du EHZ-k.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi