Emir Kusturica eta The No Smoking Orchestra EHZ festibalean izanen dira
Ez da apirilaren lehenaren trufa bat, benetako berri handia baizik. EHZ festibalaren antolatzaileek gaur bere webgunearen bitartez iragarri dutenez Emir Kusturica eta The No Smoking Orchestrako kideak Heletan izanen dira heldu den uztailean. Musikari serbiarrak gidatze duen taldeak ingelesez, alemanez edo bosniarrez eginiko kantuek eta rock doinuek erritmo bizia emanen diote aurten gune berria estreinatzen duen festibalari.
EHZren festibalaren gune ofizialean serbiar musikari honi buruz informazioa osoa atxeman daiteke. Poisson d'Avril honetan (Abenduaren 28ko pareko eguna da gaurkoa Ipar Euskal Herrian) berria benetan azpimagarria da Emir Kusturica eta bere banda Euskal Herrian ikusteko parada izaitea.
Hona hemen festibaleko arduradunek artista famatuari eginen dioten aurkezpena:
«Konoklasista, konprometitua, dekalatua, interdiziplinatua, antikonformista… inork ezin du ukatu Emir Kusturica pertsona berezia denik. 55 urteko serbiar honek, aktore, gidoilari, errealizadore zein musikari gisa arrakasta izan du.
Arizona Dream, Le temps des Gitans, Maradona, Underground, Chat noir chat blanc-en parte hartu du serbiar musikariak. Bere dohaia behin eta berriz saritua izan da. The No Smoking Orchestra talde rockero, punki eta tziganoarekin musikari gisa hartuko du parte Euskal Herria Zuzenean-en 14. edizioan.
The No Smoking Orchestra 1980an sortu zen Sarajevon, Nele Karajilic bultzaturik. Garai hartan, Emir Kusturica taldekideen lagun bilakatu zen eta noiz behinka beraiekin baxua jotzen hasi zen, zenbait entsaio eta kontzertutan.
1991ean Jugoslabiaren zatiketaren ondorioz, taldekideak bereizi eta beraien jarduera bertan behera utzi behar izan zuten denboraldi batez. Bosnian gelditu ziren musikariek taldearekin aintzina segitzea erabaki zuten eta hainbat lan kaleratu zituzten.
Serbian gelditu ziren musikariak, Nele Karajilic kantaria eta Dejan Sparavalo biolonista hain zuzen, Emir Kusturicarekin elkartu ziren eta The No Smoking Orchestra izena eman zioten talde berriari. Izen hau hasierako Zabranjeno Pušenje taldearen izenaren itzulpen literala da. Stribor Kusturika, Emir-en semea taldean sartu zen perkusioak jotzen.
1998an The No Smoking Orchestra-k musika jarri zion Emir Kusturica-ren "Chat noir chat blanc" filmari. Ondotik, 2000. urtean Unza Unza Time filmaren musika egin zuten eta 2004ean La vie est un Miracle-ena. 2005ean martxoan Buenos Aires-eko Lunapark-en grabaturiko “Live is a Miracle in Buenos Aires” zuzeneko diskoa kaleratu zuten.
2007ko ekainean “Le temps des gitans” filmaren unibertsoa Paris-eko Bastille Operan transposatu zuen. Hasiera batean taldea ideia punki eta anakistetan oinarritua bazen, The No Smoking Orchestraren musikak tokiko tradizio eta erroak ditu ardatz. Balkanetako musikan, aintzinako soinu tziganoetan, soinu indianoetan baina baita musika klasikoan ere oinarritzen da. Musikarien trebetasunak gidaturiko musika da. Kantu poliglotek (inglesez, alemanez, bosniarrez) eta rock doinuek erritmo bizia ematen diote zuzeneko emanaldiari".
EHZ festibalaren arduradunek azaldu dutenez, mundu mailan ezaguna den artista da Emir Kusturica eta, bere mezu iraultzaileen inguruan hainbat belaunalditako jendea batzea lortu du. «Arlo ezberdinak ukitzeko duen joera erabat bat dator EHZren proiektu berriarekin» nabarmendu dute.
Heldu den uztailaren 3,4 eta 5ean izanen den EHZ festibala sorpresaz eta animazio anitzez beterik datorrela gaineratu dut. Bir maneran, Heletan eginen duten estrenaldia jendetsua izanen dela uste dute.
Duela 3 aste ospatu zen Elektrotasuna II gaualdi arrakastatsuaren ondotik (1600 gazte bildu ziren Hazparneko Mendealea gelan), antolatzaileek 2009ko festibala antolatzeari buru belarri ekin diote.
Gune berriak lan handia eskatzen badu ere, gustora gelditzeko moduko emaitza lortuko dela ziur dira. Sarreren aurresalmenta apirila bukaeran hasiko da, egitarau osoa aurkeztu bezain laster.
(Entzun: Kusturica eta bere orchestra)
(Informazio gehiago atxemateko: www.kustu.com)
Komentarioak
peio
2009-04-01
Hori hori festibala !!! Hori bai ekipa berri eta indartsua dela ! Biba ziek








- 


