Facebookek "Sexual Herria" liburuaren azala zentsuratu du

Argitaratua: 2012-02-02 14:05:59

Liburuaren azala.

Txalaparta argitaletxeak prentsa ohar baten bidez azaldu duenez Facebookek Itziar Zigaren Sexual Herria liburuaren azala kendu du, dirudienez, sare sozial hori kudeatzen duen enpresaren arauak hausten dituelako. "Zoritxarrez, ez da zentsura mota hau jasaten dugun lehen aldia: antzeko zerbait gertatu zitzaigun Diana J. Torresen Pornoterrorismo liburuaren aurkezpenaren bideoarekin. Duela bederatzi hilabete Youtubetik kendu zuten antzeko arrazoiak argudiatuz" azaldu du argitaletxeak. Aipatu bi kasuetan, soil-soilik emakumezkoen titiak daudela ikusgai azaldu du argitaletxeak.

"Berriz ere publikoki moralkeri faltsu hau eta sexu- zentsura honek eta, oro har, edozein zentsurak dakarten adierazpen askatasunaren kontrako erasoa salatu nahi ditugu" adierazi du Txalaparta argitaletxeak.

"Interneten edo edozein komunikabidetan gizonezkoen bularrak, hilketak, erasoak, gizaki edo animalien sarraskiak edota gu eta gure morala zaintzen dituen sistemak sortzen duen gosearen irudi moralgabeak ikus ditzakegu. Emakume baten bular biluzia erakusten duen liburu baten azala, ordea, zentsuratu egiten dute. Gertakari honen aurrean, gizartean nagusi den moral sexista eta heteronormatiboa salatu nahi dugu" gaineratu du argitaletxeak.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi