Festibalek udaren koloreekin jantziko dute Euskal Herria

Argitaratua: 2010-08-07 10:46:39

Udan mota eta kolore guztietako festibalekin janzten da Euskal Herria. Dantza, kantua, antzerkia, musika... Kirolekin lotura duten festibalek ere izaten dute bere tokia gure artean, bereziki irristaren kirolari loturikoak, besteak beste Rip Curl Biarritzek surfari lotua eta hiri berean egiten den Festilasaik skaterekin. Ohitura zaharrei begiratu bat ematen dietenak ere badira eta horrela Donibane Garazin eginen den euskal ezkontza tradizionalak besta egiteko parada eskeiniko du. Kanbok antzerkiaren aniztasunari loturiko eskeintzak ekarriko ditu aurten ere.

Aintzinako objektuak biltzen dituen "Festival des Chineurs" ospatzen da agorrilaren 7an Angelun. Bederatzigarren edizio honetarako 4000 bisitari espero dirah eta ailegatzean ehun bat erakustoki izanen dituzte zain. Berriagoak diren objetuekin batera XVIII eta XX. mendeko antzinatekoak ere atzematen ahalko dira Ipar Euskal Herrian udan antolatzen den mota honetako ekimen handienean. Angeluko erdigunean kokatzen den Quintauko zabalgunean elkartuko dira gauza zaharren maitaleak. Angeluko Herriko Etxeko webgunean informazio gehiago bada.

Kanboko Arnaga jauregiko lorategietan eginen den antzerki festibalak komedia eta antzezpen klasikoa elkartuko ditu 16. urtez. Agorrilaren 11tik 14ra "Comédie côté jardin" festibala Edmond Rostand antzerki idazle handiaren etxean kokatuko da urte berri batez. Euskal Herriko eta inguruko antzerki konpainiek festibal berezi honek duen testuinguru aberatsarekin lotura berezia lortzen dute. Ekimena antolatzen duen Accords elkarteak ikuslegoa etxean bezala sentitzea bilatzen du. Kanboko turismo bulegoko webgunean informazio guztia bada.

Skatea eta musika elkartuko ditu Biarritzen agorrilaren 14ean eginen den Festilasaiek. Boskarren urtez Negresseko auzoko Mizanbu gaztetxean eta Alai Skate Parkean ibiltzen diren gazteek lerra kirolak musikarekin elkartuko dituzte. Gazteentzat eta gazteek egina den Festilasaiek kontzertuekin batera skate eta roller erakustaldiak eskeiniko ditu. Arratsaldeko seietatik aurrera "flat" lehiaketa izanen da DJ Uneek, Dj Skiliz, DJ Pace eta DJ Shapesek animatua. Arratsaldeko zortzietatik aurrera Foreing Beegars, Marvin, Plebe eta Butterfly Patrol taldeek eskeinitako kontzertuak izanen dira. Begiratu Biarritzeko web orrialdea.

Euskal Herriko kulturan eta Mauleko ekonomian izen handia duten Espartinei eskeiniriko besta eginen da agorrilaren 15ean Zuberoako hiriburuan. Goizean meza eta esku pilota partidaren ondoren dantza zuberotarrak izanen dira. Xiberoko Zohardiako kantariek aperitifa animatuko dute. Arratsaldean herri kirolak eta Txistera Handiarekin jokaturiko partida izanen dira Elgorriaga taldeak animaturiko afariarekin bukatzeko.

Ilbarritzeko hondartzak Rip Curl Music Festibala hartuko du berriz ere. Biarritz eta Bidarte artean kokatzen den kostaldeko toki ederra bi egunez kontzertuen musikarekin jantziko dira. Agorrilaren 19 eta 20ean Europa guztian bakarra den surfa eta musikaren arteko lotura urririk eskeintzen duen festibalarekin gozatzeko parada izanen da. Boskarren edizio honetan estilo eta energia oso ezberdinetako taldeak pasako dira hondartzatik. Naive New Beatersaren rocka, Scratch Pervertsen hip-hoparekin eta Wax Tailoren trip-hoparekin eginen du bat. Aurreko edizioetan bezala 30 000 pertsona hurbiltzea espero baldin bada ere pasaia horren ondorioak hondartzan ez ikustea da xedea, hori dela eta parte hartzaileei ingurumenaren errespetua eta hondakinen bilketan parte hartzea eskatzen zaie. Festibalak eskeintzen duen programazio osoa ikusi.

Irakurri ere Hendaia, Irun eta Hondarribian agorrilaren 20tik 22ra ospatuko den Bidasoafolk festibalaren 10. edizioari buruzko artikulua Kazeta.info-n.

Euskal ezkontza tradizionala bizitzera gonbidatzen du Donibane Garaziko Herriko Etxeak. Agorrilaren 22an euskal tradizioan murgiltzen laguntzeko 200 biztanle-aktore lanetan ariko dira. Arratsaldeko hiruretan kostuma tradizionalekin jantzirik joanen den jarraigoa Donibane Garaziko karriketan zehar ibiliko da. Desfilea emaztearen ezkonsaria osatzen duten altzarien karroaren inguruan eginen da: ezkongaiak, opariak eramaten dituzten gonbidatuak, baserriko lanabesak... Herrian zehar ibilbidea egin ondoren espektakulua ezker paretan izanen da. Nafarroako dantza tradizionalak, 1900. urteko dantzak (polka, mazurka...), dantza xiberotarrak eta euskal kantuek osatuko dute programazioa. Zeremonia handietan jaten zen pastizari ohore eginez bazkari tradizionala eginen da ondoren. Azkenik Errobi Kanta eta Mutxikoak izanen dira. Donibane Garazi eta Baigorriko webguneak datu guztiak eskeintzen ditu.

Biarritz Jazz Festivalak hiru egunez 100 musikari bilduko ditu itsasoaren parean kokatuko diren bost gune berezietan. Agorrilaren 27tik 29ra nazioarteko musikarien soinuak zabalduko dira. Estatu Batuetatik Asiara, Europatik Afrikara musiken mestizaia eta trukaketa ikusgarriak eskeiniko dira. Lehen edizioa ospatuko duen jaialdiak bateriaren garrantzia nabarmenduko du jazz musikaren baitan. Hori dela eta nazioarteko eszenatokietan izen handia duen Aldo Romano bateria jolea izanen da gonbidatu nagusia. Programa festibalaren gunean ikus daiteke.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi