Euskal Kultur Erakundeak eta Gipuzkoako Aldundiak «Iparraldea XXI» DVDa plazaratu dute

Argitaratua: 2010-03-04 12:06:23

«Iparraldea XXI», Ipar Euskal Herriaren ikuspegi gaurkotua, aurreiritziez harago Gipuzkoako Aldundiak eta Euskal Kultur Erakundeak «Iparraldea XXI» DVDa plazaratu dute, Ipar Euskal Herriari buruzko irudi dinamiko eta eguneratua eskainiz, «aurrez ezarritako estereotipoetatik urrun». Atzo aurkeztu dute filma Donostian eta gaur goizean aurkezpen ekitaldia antolatu dute Baionako L'Autre Cinema gelan. Dokumentala osorik ikusi.

Ariane KAMIO | DONOSTIA
Ipar Euskal Herria lurralde ezezaguna da euskaldun askorentzat, gehienetan haiengan ezarriak dauden aurreiritziek eraginda. Lurralde isil, hotz eta desberdintzat hartzen dute askok eta Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko tokirik turistikoenak izan ohi dira sona handiena dutenak, kostaldeko gune turistikoak gehienbat.

«Iparraldea XXI» bideo-erreportajeak aurreiritzi horiek guztiak albo batera utzi, eta Xiberoa, Lapurdi eta Baxe Nafarroako biztanlegoaren ikuspuntu eguneratu eta gaurkotua eskaini nahi du.

Gipuzkoako Aldundiak eta Euskal Kultur Erakundeak elkarlanean egindako egitasmo hori, Iparraldeko gazteekin egindako lana da, bereziki Hego Euskal Herriko gazteei zuzendua. Betiko klixeak uxatuz, Iparraldeko errealitate bat aurkezten dute, gazteei lehentasuna emanez.

Etxegoin: «Ez da dokumental didaktikoa»
«Ez da dokumental didaktikoa», esan zuen, atzo Donostian, Pantxoa Etchegoinek, Euskal Kultur Erakundeko zuzendariak, «Iparraldeko ezaugarriak aztertzen ditu». Horretarako, hiru lurralde horietako hainbat gazte inplikatu dituzte lan horretan, dokumentalaren hari bihurtu arteraino, hala nola Yves Salaberri, Xala pilotaria.

Berak gidatutako elkarrizketa eta bisitaldien bitartez, bertako hainbat pertsonaia ezagunen sentipenak biltzen ditu, horien artean, Amaren Alabak kantu taldea, Amets Arzalluz eta Maiana Irigoyen bertsolariak, EHZ musika jaialdia, Mak musika taldea eta Dantza Hirian ekimena.

Ekimenean parte hartu duten bi erakundeen asmoa «Iparraldea XXI» ahalik eta gehien zabaltzea da. Horretarako, Gipuzkoako Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentuak Gipuzkoako zenbait herritako kulturguneetan erakutsi nahi du, herriko etxeekin elkarlanean. Aldi berean, tokiko telebistetan eta Internet bidez ere zabalduko dute.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi