Ihauterien tradizioa herri ezberdinetan ospatuko da asteburu honetan

Argitaratua: 2009-02-20 12:46:29

Maskaradak ideki zuen bidea Zuberoan, eta bere ondoan Hartzaro festibalak ala Baionako zazpi herrialdetako ihauteri erakustaldiak heldu ziren. Hartza eta Zanpantzar bilakatu ziren protagonista nagusiak joan den igandean Urruñan. Eta asteburu honetan euskal mitologiaren pertsonaiekin edota irudimenezko jantziekin besta egiteko aukera izanen da besteak beste, Lekuinen, Saran eta, nola ez, Uztaritzeko herrian ere.

Gaxuxa ARRANBIDE | DONIBANE GARAZI
Otsailaren 21ean, larunbatarekin, Eihartzeak antolatzen duen ihauteriaren kari, Lekuinen, hainbat animazio burutuko dira. Animazio horiek, Lekuineko besta komiteak baita ere Zubia elkarteak, herriko eskolaren laguntzarekin, dituzten antolatzen.

Goizeko 10.30tatik goiti Zanpantzarrekin goiza iraganen da. Karrogainean Hazparneko bidea hartuko da Zanpantzarrekin. Bertan, Lilipean gelan, “Sorginak Euskal Herrian” deitutako konferentzia, Lauburu Elkarteko Claude Labatek emanik.

“Lapurdin Sorginak jujatu zituzteneko 400. urtemugaren karietarat, Lauburu elkarteak, gure herriko mentalitateak epe luzerat markatu dituzten gertakarien inguruko animazione ezberdinak proposatzen ditu. Batzutan gaixto baina gehienetan zozoa den floklore aldetik desformatua izan den gai hunen ikusmolde berriztatua agertzea du helburu. Inportanta da, Sorginkeria kontextu politiko eta sozial batean kokatua dela oroitaraztea”, azaltzen dute.

Ttotte ostatuan , arratsaldeko animazioak hasi bitartean jateko eta edateko posibilitatea izanen da. Bostetatik goiti, berriz, Zanpantzarraren epaiketa burutuko da.

Etxez etxeko ibilbidea Saran

Larunbatean herriko gazteak etxez etxe ibiliko dira goizetik. Arratsaldean, 19:00ak aldera plazara hurbilduko dira eguna Herriko Etxeko Edantegian finitzeko. Biharamunean, igandearekin, ekitaldi gehienak plazan izanen dira. Mezatik lekora, Zanpatzarren auzia izanen da, baita ezusterik ez bada Sarako Kantarien emanaldia ere. Ondotik Ikastolak bazkaria prestatuko du nahi duten guztientzat. Txartelak Herriko Etxeko Edantegian hartu behar dira aitzinetik.

Hartzaro festibalaren azken egunak

Ipar Euskal Herriko ihauteri ospakizunetik aberatsena da segur aski Hartzaro festibala. Izan ere, bi zangoak tradizioan erroturik, Uztaritzeko herrian antolaturik den bestak sorkuntzari lekua uzten dio. Mozorro bakoitza bestea bezain koloretsua da eta bizia interpretatzen duten ikusgarriak biltzen ditu festibalak. Joan den asteburuan abiatu zen eta otsailaren 24a arte Uztaritzeko Ihauteriak gozatzeko aukera izanen da.

Kaskarrotak, Vagabontu tzigan txarangak, joalduanak, Baigorriko txalapartariak eta euskal mitologiko pertsonaiekin sortutako ikusgarri liluragarriak gozatzekoa izanen da. Hartzaro festibalaren kari espresuki sortua izan den “Andrearen uzta” deituriko ikuskizuna izanen da otsailaren 21ean larunbatez, Kiroleta ezker paretan.

Mikel Laboari omenaldia
Ohiko animazioekin, aurten, bi ekitaldi nagusi eskainiko dituzte. Izan ere, gaur ostiralean, otsailaren 20an, Mikel Laboa omentzea erabaki dute haren kantu herrikoienak eskainiz. Horretarako Jojo Bordagarai eta Christian Borda musikariak izanen dira. Kantuekin batera, lekukotasunak eta film proiekzio bat eginen da ere. Kantuekin batera, lekukotasunak eta film proiekzio bat eginen da ere.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi