Pauen dituzten Euskal Herriko artxiboak 2010ra arte ez dira ekarriak izanen Baionara

Argitaratua: 2009-01-22 13:59:19

Urteetako eskakizuna ez da haseturik izanen aurten ere ez. Izan ere, 2009ko urte hasieran Pauen gordetzen dituzten Ipar Euskal Herriko artxiboak ekarriak izanen zirela hitzartua bazen ere, beste urte batez oraindik gibelatua izanen da leku-aldaketa. Gaur egun Paueko Prefeturan gorderik dira agiri historikoak.

Urteak dira orain euskal herritarrek bere herriaren artxiboak eskuratzeko eskakizuna egiten dutela. Helburua artxibo pribatu zein publikoak berreskuratzea, herriaren memoria herritarrengandik hurbiltzea eta ondarearen ezagutza garatzea delarik, aldarrikapena abertzaleen borondatea baino zabalagoa bilakatu zen orain dela hamahiru urte bakarrik.

Nafarroa zatitua izan zen garaian, hau da 1520 urtea pasa eta hamabi urte berantago dokumentu guziak egungo Biarnoko hiribururat eramanak izan ziren, Paueko Nafarroako Parlamentuaren esku gelditu zirelarik. Gaur egun Paueko Prefeturan gorderik dira agiri historikoak.

Azken hamar urteetako gora beherak
Maite Lafourcade, Euskal Eskubidean berezitua, petizio kanpaina bat abiatu zuen 1999.ean, hartatik Errepublikako zuzenbide arloko pertsonen 122 izenpedura lortu zituenean. Unibertsitario, erakasle eta ikerketariek aldarrikapenarekin bat egin zuten ere.

2000-ko urtean, Demo Taldeko kide zonbait Paueko Parlamentura sartzen lortu eta aulkiak Euskal Herrira ekartzen dituzte 1789-ko azaroaren 18an Lapurtarren Biltzarrak Euskal Herriko departamenduaren aldarrikapenari segida eman nahian, Euskal Herriko artxiboak beren lekuan pausatuak izateko eskakizuna berresten delarik.

Ekintzaren ondorioz, 15 pertsona atxilotu ondoren lauk isun zigorra jaso zuten 2004ean.

Proiektua 2001ean berriro bultzaturik izan zen, garaiko Frantziako Kultura ministroa zen Catherine Tasca Euskal Museoaren estrenaldian parte hartu zuelarik. Ondotik hautetsiak inplikatzen hasi ziren.

Hala, euskal herritarren borondatearen indarraren aitzinean, Kontseilu Orokorrak Artxibategia sortzeko erabakia hartu zuen 2002ean. Bost urte berantago lehen harria pausatu zen. Zentroak 3 000m2 izanen ditu eta kontserbatzeko teknika modernu batez horniturik izanen da.

Dena dela, oraindik pazientzia pittin bat beharko da Euskal Herriko artxiboek beren lekua har dezaten, izan ere, 2010ra arte luzatu delako dokumentuen leku-aldaketa.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi