Iparraldeko lehen Bertsulari Xapelketa plazarat

Bob EDME
Bertsularien Lagunak elkarteak eta bertsu-eskolek eginiko lanari esker, Iparraldeko lehen Bertsulari Xapelketa errealitatea da. Gaur goizean, Donibane Lohizuneko Herriko Etxean egin da aurkezpena, bertan lehiaketaren protagonista nagusiak izan direlarik, baita herriko auzapeza ere. Lehiaketak hiru kanporaketa izanen ditu eta Donibane Lohizuneko Jai Alain ospatuko da zortzi bertsularien arteko finala, azaroaren 5ean.
Maialen Hiribarrenek, Transmisio saileko arduradun eta Seaskako irakasleak irakurri du aurkezpen idatzia euskaraz eta Erik Etxart, xapelketaren epaimahaikideak, beste hainbeste egin du frantsesez.
"Ereiteko tenorea" izenburupean, hau bezalako mezua irakur daiteke. "Lapurditik Xiberora, Hendaiatik Eskiulara, bada zer landua, eta gure lurra lantzeko euskara dugu golde. Aspaldi galtzeko puntuan omen den tresnari hats eman nahi diogu, eta gorputz. Berak egiten baikaitu ezberdin, berak bertako, berak munduko".
Beste pasarte batean nabarmentzen denez, "bertso eskolei esker bete dugu zakua, eta horregatik gatoz erein eta lurrak iraultzera". Horren harira, Hiribarrenek azaldu du egun hamar bat bertsu-eskola direla Lapurdin, Baxe Nafarroan eta Xiberoan. Bertsuaren trasmisioa bermatzeko ezinbestekoak dira bertsu-eskolen ibilbidea orain dela hamar bat urte hasi zen. Hendaia izan zen aitzindaria, eta gaur egun bertsu-eskola berri bat sortzear da, Amikuzeko eskualdean.
Xapelketa "urtetik urtera egin den lanaren ondorioa dela" nabarmendu ondoren, urrats berriak emaiteko lagungarri izatea espero dutela erran du Hiribarrenek.
Erik Etxartek aipatu duenez, "Iparraldeko bertsolaritza 40 urtetan basamortu lorea bezala izan da: bi edo hiru urtez loretu da, gero lurrean hazia gordeta geratu delarik". Azken hamar urteotan bertsu-eskolek eginiko lana "gure berotegia izan dela" aitortuz, "azkenik xapelketa lurra dagoela eta eraiketarik badagoela erakustera dator" azaldu du epaimahaikideak.
Ondoren, xapelketa honen "aitatxi"k hartu du hitza. Mixel Airek antolatzaileen lana goraipatu du. "Lanak ez ditu izütü, eta seriosa egin diote, dena euskararen amodioz, eta guk bertsolariak pixka bat sufritu beharko dugu, zeren xapelketa bat bertsularitzako ona da, baina bertsolarientzat ez da hain gozoa".
Lehen xapelketa honetan parte hartuko duten hamasei bertsularien arteko gazteenetariko den Odei Barrosok, bere aldetik, "urte askotan plaza gutxi izan da eta xapelketak jendearen parte-hartzea bultzatzeko lagundu dezakela pentsatzen dugu" adierazi du.
Xapelketak hiru kanporaketa izanen ditu (Urrairen 18an eta 25ean Donibane Garazin eta Luhoson eta azaroaren 2an Urdińarben). Dagoeneko bertsulari bik, Sustrai Kolinak eta Amets Arzallusek, eskuratu dute txartela berriz ere Euskal Herriko Txapelketan izaiteko. Hots, Donibane Lohizuneko finaletik beste hiru bertsularik eskuratuko dute pasabidea oholtza nagusian jokatzeko.
Orotara 16 bertsulari izanen dira Iparraldeko lehen xapelketan. Erran bezala Mixel Aire da eskarmentu handiena duena (64 urte), gainerakoei dagokionez, bataz besteko 21 urteko adina dute.
Hauxe da zerrenda osoa: Mixel Aire, Karlos Aizpurua, Xan Alkhat, Miren Artetxe, Amets Arzallus, Maialen Arzallus, Odei Barroso, Sustrai Colina, Ekhi Erremundegi, Gillen Hiribarren, Patxi Iriart, Mizel Mateo, Xumai Murua, Kristine Txoperena, Eneritz Zabaleta eta Egoitz Zelaia.
Plazan ez ezik sarean ere xapelketaren berri izanen da. Hartara, www.ibertsu.com webgunea martxan jarri du Bertsularien Lagunak elkarteak xapelketaren berri guziak emateko.


- 

