Iratxe Esnaola: «PuntuEus Elkartean, Iparraldeko ordezkariak hasieratik egon dira»
Interneten .EUS domeinua lortzeko xede, PuntuEus elkartea sortu da. Espreski, 2008ko apirilean sortu zen ekimena. Euskarak eta euskal kulturak Interneten «ikur propioa» izatea lortu nahi dute. Horri begira, .EUS domeinua lortzeko buru-belarri lanean dihardute.
Maite UBIRIA
PuntuEsus elkarteko koordinatzailea den Iratxe Esnaolarekin mintzatu gara egitasmoari buruz xehetasun gehiago ukaiteko.
Nola sortu zen .EUS domeinua lortzeko egitasmoa? Zeintzu izan diren aurkezpena publikora heldu aurretik eman dituzuen urrats nagusiak?
.CAT domeinuaren onarpena izan zen egitasmo honen abiapuntua, honen onarpenarekin, domeinuak hizkuntza eta kultura komunitate txikien Interneteko ikusgarritasuna ahalbidetzen duten tresnak bilakatu baitziren. Hortik sortu zen proiektua eta aurkezpen egunera arte PuntuEus Elkartea sortu, lanerako jendea bildu eta .CAT-ek markatutako bidea sakon ezagutzea izan dira gure lehentasunak.
Lehen unetik aipatu da .CAT erreferentzia gisa. Zeintzu diren esperientzia horren ikasgaiak eta zer berezitasun propioak ditu .eus domenuaren aldeko kanpaina? Kataluniaz aparte, Euskal Herriko egoerarekin antzekotasuna duen beste herrialderik aipa dezakezu?
.CAT-ekoek aholku handi bat eman ziguten hasieratik: pazientzi eta lana. Gure kasuan, badakigu bidea zein den, eta pixkana urratsak ematea da gure betebeharra. .CAT-ekin alderatuz, .EUS doeminuak komunitate txikiago bati erantzuten dio, beste hizkuntza komunitate bati, beste hizkuntza bati, beste egoera bati. Bestalde, .EUS-ez gain, .GAL [ galiziera ], .BZH [ bretoiera ] eta .CYM [ galesa edo kynbruera ] domeinuak ere eskatuko dira. Komunitate bakoitzak bere ezaugarriak ditu baina guztiek Interneten mundu mailako ikusgarritasuna lortzea dugu helburu.
Zuen poza agertu duzue herritarrengandik jaso duzuen erantzunagatik. Lehenengo astean 18.000 atxikimendu inguru, benetan xifra potoloa da.
Bai, babes itzela jaso du egitasmoak. Halere, atxikimendu kopuruaz haratago, jendearen parte-hartze aktiboak poztu gaitu. Proiektu motibatzailea da eta atxikimenduetan agerian gelditu da. Halere, atxikimendu bilketarekin jarraitzea ezinbestekoa da, eskaria aurkezten dugunean kontutan hartuko delako.
Erakundeen aldetik babes jarrera bera somatu al duzue?
Instituzioek jarrera positiboa erakutsi dute hasieratik. Aurkezpen publikoaren aurretik mantendu genituen kontaktuetan, harrera oso ona jaso genuen. Proiektu integratzailea da, zentzu guztietan.
Laburbildurik zeintzu dira zehatz mehatz domeinua eskuratzeko bete beharreko baldintzak? Zenbat denbora aurreikesten duzue domeinua lortzeko?
.EUS domeinua lortzeko eman behar ditugun urratsak argiak dira: PuntuEus Elkartea sortu eta zabaldu, Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatearen izenean domeinuaren eskaria aurkeztu dezan; komunitatearen babesa adierazteko, ahalik eta atxikimendu gehien lortu; ICANN erakundeak galdera zerrenda bat argitaratuko du (maiatzean, aurreikusten da) eta lau hilabete izango ditugu erantzuteko. Galdera zerrenda horrekin, komunitatearen babesa, bideragarritasun teknikoa eta bideragarritasun ekonomikoa erakutsi behar ditugu. Lau hilabetetara, eskariarekin batera, eskariaren ebaluazio prozesua ordaintzeko diru kopuru bat eman beharko dugu, baina honek ez du baiezkoa bermatzen. Urtebete beranduago, gutxi gorabehera, emaitza jakingo dugu.
Behin domeinua eskuratura nola kudeatzen da .EUS?
.EUS domeinua, komunitate baten domeinua denez, behin onartzen denean, komunitatea bera da domeinuaren kudeaketa, kontrol eta administrazioaren arduraduna. Horretarako, PuntuEus Fundazioa sortuko da eta bera izango da hori guztia eramango duena.
Praktikotasunari begira, .EUS domeinua eskuratu ondoren zeintzu dira interneteko erabiltzaileak atxemanen dituen onura nagusiak? Ordaindu beharko da erabilpenagatik?
.EUS domeinua lortzen badugu, euskararen eta euskal Kulturaren komunitateak nazioarteko aitorpena lortuko du. .EUS domeinuaren azpian egongo diren domeinuak, komunitate horren baitan kokatuko dira eta euskararen Interneteko presentzia areagotuko da, bide batez, jada existitzen den komunitatea bera indartu egingo delarik. Eta noski, gainontzeko domeinu guztiekin bezalaxe, erregistroa ordaingu egin beharko da.
Bistan da internetek ahalbidatzen duela, nolabait, mugak gainditzea. Alta, Ipar Euskal Herrian .EUS kanpainiari buruz oso informazio gutti pasatu da. Nola hedatu kanpainaren oihartzuna euskararen lurralde osoan indarra har dezan?
PuntuEus Elkartean, Iparraldeko ordezkariak hasieratik egon dira. Ezinbestekoa da euskara, ofiziala ez izan arren, presente dagoen eremu guztietako babesa lortzea eta hori da Euskal Konfederazioa abiapuntutik presente egotearen arrazoi nagusia. .EUS domeinuak ez dio lurralde geografiko bati erantzuten. Euskararen eta euskal kulturaren Komunitateari ikur bat ezarriko dio, eta komunitate hori existitzen den eremu guztietara zabaldu behar da egitasmo honen berri. Internet bidez eta bestelako ekimenekin, komunitatearen txoko guztietara iristea lortu behar dugu, halabeharrez.








