Irlandan zein Bretainian, Korrika eredu
AEKk antolatzen duen Korrikaren antzera, Rith izeneko gaelikoaren aldeko lasterketa ospatuko da aste honetan zehar Irlandan. Kurtsa martxoaren 9an, asteartearekin, abiatuko da Belfastik eta 260 herri eta 15 konderri zeharkatu ondoren hilaren 17an amaituko da Galwayn. Korrika eta AEK gonbidatu dituzte Rith 2010ean presente izaiteko. Bestalde, heldu den maiatzean, Redadeg, hizkuntza bretoiaren aldeko lasterketa ospatuko da. Irlandan zein Bretainian, Korrika eredu. (Ikus Rith 2010eko bideoa )
AEKk prentsa-ohar baten bidez jakitera eman duenez, Rith 2010 izeneko lasterketa burutuko dute Irlandan martxoaren 9tik 17ra bitartean. Belfasten abiatu eta, 1 600 kilometro egin, eta 250 herri eta 15 konderri zeharkatu ostean, Galwayn amaituko da, Patrick Deunaren eguna ospatzeko burutzen den jai egunaren baitan.
Gaelikoaren aldeko ekimen hau lehenengo aldiz egingo da aurten, urtero martxoan ospatzen den Gaelikoaren Astearen baitan, baina hemendik aurrera bi urterik behin antolatzeko asmoa azaldu dute eragileek.
Izan ere, gaelikoa bertako lehen hizkuntza ofiziala izan arren, hizkuntza gutxitua da gaur egun Irlandan, eta are egoera zailagoan aurkitzen da Ipar Irlandan. Rith 2010eko antolatzaileek eskainitako datuen arabera, ez dira bi milioira iristen munduan gaelikoa hitz egiteko gauza diren pertsonak.
Ipar Irlandan biztanleen %10,4 dira eta AEBetan 13.000 lagun inguru. Hala ere, asko omen da gaelikoa unibertsitatean ikasten ari omen den jendea, hizkuntza honek Europako Batasunean lan status ofiziala lortu ostean.
Irlandako presidenteak idatzitako mezua
Lasterketari berari dagokionez, AEK-k antolatzen duen Korrikaren antzera, Rith 2010eko korrikalariek ere eskuz esku igaroko den lekukoa eramango dute, Bradley Richards eta Brian Reardon artisau irlandarrek egindako aginte makila irudikatzen duena. Zilarrezko eraztun batek inguratzen duen makilaren barruan Irlandako presidente Mary McAleesek gaelikoaren alde idatzitako mezuak egingo du ibilbide osoa. Hala ere, Rith 2010ek ez ditu Irlandako errepideak gau eta egun zapalduko. Korrikalariak egunez bakarrik arituko dira, eta gauez Club Rith izeneko jaialdiak egingo dira egun horretan karrera geratzen den herrian.
AEK-k eta Korrikak Dublinen egingo dute kilometroa
Ideia Euskal Herriko Korrikaren berri izan zutenean bururatu zitzaien Rith 2010en antolatzaileei, eta ekitaldia hobeto ezagutzeko asmoz Tuterara etorri ziren pasa den urtean 16. Korrikaren hasiera ekitaldira.
Orain, euren hizkuntzaren aldeko lasterketa abian jartzeko momentua heldu zaienean, Korrika eta AEK gonbidatu dituzte bertan parte hartzera. Hala, Edurne Brouard Korrika arduradunak eta Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak Dublin erdiguneko Patrick Street-en hartuko dute Rith 2010eko lekukoa martxoaren 11n. Iluntzeko zortziak eta hogeita bostean dute hitzordua 374. kilometroa egiteko.
Maiatzean, Redadeg, Bretainian
Bestalde, mmaiatzaren 10etik 15era Redadeg, hizkuntza bretoiaren aldeko lasterketa, eginen dute.
Euskal Herrian AEK-k antolatzen duen Korrikari begiratu zioten bretoiek eurena egiteko. Redadeg-eko talde antolatzaileak azaldu duenez, «lasterketa bretoia ikasteko, erabiltzeko, eta ofizialki onartua izateko deia da».
Lasterketa Roazhon-en hasiko da eta Pondin bukatuko. 2008an egin zuten aurreneko aldiz bretoieraren aldeko kurtsa. Aurten Redadeg-ek luzeagoa izanen da. Orotara 1 200 kilometro eginen dituzte.










