Maialen Lujanbiok jantzi du txapela eta Amets Arzallus bigarren geratu da

Argitaratua: 2009-12-14 01:59:28

2009ko Euskal Herriko Bertsolar Txapelketa Nagusia historia da dagoeneko. Eta historiaren marra zaharkatuz esan digu agur lau urtean behin ospatzen den bertso besta. Andoni Egana txapeldun handiak agur esan dio txapelketari. Ordezkoa badu. Txapelketa Nagusian txapela jantzi duen aurreneko emaztea, alegia. Maialen Lujanbio hernaniarrak eskuratu du finala. Bigarrena, Amets Arzallus hendaiarrak, eman dio lehen besarkada txapeldunari. Barakaldoko BECen bildutako 14 500 bertsozalek txalo artean hartu dute txapeldun berria eta txalo zaparradarekin ere agur esan diote azken lau txapelak eraman dituen Egana handiari.

Arratsaldeko 19.30etan iragarri dute Barakaldoko BECen 2009ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren irabazlearen izena. Maialen Lujanbiok jantzi du txapelketa.... eta historiaren marra zeharkatu du. Bera baita bertsolari txapeketaren sari nagusiak eskuratzen duen lehen emaztea.

Txapeldunaren izena entzun eta berehala, Amets Arzallusek lehen besarkada beroa eman dio bertsolari hernaniarrari. Emozioz eta kalitatez beteriko sarioan, azken buruz burukoan Arzallus eta Lujanbio izan dira nor baino nor, eta azkenean hernaniarrak eraman du orain dela zortzi urte ihes egin zion txapela. Begiak busti zituela, Joxe Agirre, 80 urteko bertsolari azpeitiarraren eskutan jaso du txapela Lujanbiok.

Txapelketa osoan zehar bezala Lujanbiok lan bikaina osatu du Barakaldoko finalean. Amets Arzallusek ere saio zoragarria osatu eta gero bere saria izan du baita. Bigarren geratu da hendaiarra. Meritu handia, zalantzarik gabe, 26 urteko bertsolari batendako.

Lagun handia duen Sustrai Colinak txanpain botila idekitzeko gomendatu dio bere agurrean Ametsi, eta bistan da Iparraldeko bertsulariek eginiko final ederra ospatzekoa dela.

Arzallusen ondoren, Jon Maiak eskuratu du hirugarren postu. Arzallusek eta Colinak egin bezala, "Euskal Herrian falta direnak" gogoan izan ditu Maiak agurra ederra bezain hunkigarria burutu duelarik. Zumaiarrak garaipen nabarmena lortu du hirugarren postuan bere burua ezarriz. Bere atzean, Andoni Egaņa geratu da.

Agurra baliatuz, azken lau txapelketak irabazi dituen bertsolari handiak 2013ko txapelketan ez dela oholtzan izanen iragarri du. Bertsozale elkartearen eskutik txapelketaren antolaketa lanetan segituko duela baieztatu du. Txalo zaparrada handia jaso du txapeldun handiak.

Bertsolari zarauztarraren ondoren horrela banatu dira finaleko beste lau postuak: Unai Iturriaga, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi.

Eta hauxe da finalak utzi duen puntuazioa:

Maialen Lujanbio 1630,75; Amets Arzallus 1582; Jon Maia 1060; Andoni Egaņa 1058; Unai Iturriaga 1046,25; Sustrai Colina 1037; Aitor Mendiluze 1009,25, eta Aitor Sarriegi 983,7.

Euskal Herria "euskaratik eta euskaraz" eraikitzeko Maialen Lujanbio txapeldunak bere agurrean zabaldutako gomendioaz bukatu da historia egin duen txapelketa.

Giro zoragarria BEC-en
Iragarrita zegoen moduan, lepo bete da Barakaldoko BEC aretoa, 14.500 lagunek segitu dute finala bertatik bertara. Eta antolatzaileek azaldu duenez, etxean sarrerarik gabe direnek ere ez dute aukera galdu nahi izan eta telebistaz zein internetez izugarrizko jarraipena izan du Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalak.

Goiz-goizetik hasi dira Euskal Herriko bertsozaleak BECera arribatzen. Areto barruan, giroa izugarri ederra izan da. Xutik eta txalo zaparrada handi batez hartu dituzte ikusleek zortzi finalistak; hortik aurrera festa handia izan da finala. Bertsolarien jarduna etengabeko txaloez eskertzeaz gain, hainbat momentutan BEC osoak olatu ezaguna egin du.

(Irakurri ere: "Maialen, txapeldun" izenburupean Amagoia Mujikak "Gara" egunkarian eginiko kronika )


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi