Mariasun Landak jasoko du 2011ko dabilen elea saria

Argitaratua: 2011-11-08 18:16:24

Euskal liburugintzaren inguruko bost elkartek —Euskal Editoreen Elkarteak (EEE), Euskal Idazleen Elkarteak (EIE), Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak (APIE-EIEP), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literaturaren Elkarteak— Mariasun Landa idazleari emango diote 2011ko dabilen elea saria, Euskal Liburuaren Gaua ekitaldiaren ospakizunean, liburugintzaren alorrean ibilbide jakin bati egiten zaion errekonozimendu gisa.

Antolatzaileekazaldu dutenez, berritzailea izan da Mariasun Landa haur eta gazte literaturaren arloan;
oparoa liburuak idazten; hizkuntza askotara itzulia; jende askok irakurria; sari askoren irabazlea eta beste zenbaiten hautagaia; irakurzaletasunaren sustatzaile nekaezina…

Euskal Liburuaren Gaua urtero antolatzen da 2008. urteaz geroztik, kultur industriak euskal gizarte eleanitzaren garapenari egiten dion ekarpena agerian jarri eta ikusaraztea xede harturik. Gainera, euskarazko liburugintzan parte hartzen duten hainbat eragileren bilgune ere bada, hala nola, argitaratzaileena, idazleena, irudigileena, itzultzaileena…

Honako hauek jaso dute saria aurreko urteetan: Antton Olariaga (2008), Juan Mari Torrealdai (2009) eta Itxaropena argitaltxea (2010). Laugarren edizio honetan, Kutxaren babesa izan dute bost elkarteek
ekitaldia antolatzeko, bai eta Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren laguntza ere.

Ekitaldia
Euskal Liburuaren Gaua azaroaren 10ean izango da, 20:00etan, Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan. Idoia Noble itzultzaile eta interpreteak gidatuko du ekitaldia, eta Joxan Goikoetxeak
jantziko du musikaz.

Juan Azpeitiak diseinaturiko oroigarria iazko saridunaren eskutik jasoko du Mariasun Landak, eta, besteak beste, Arantxa Urretabizkaia idazleak, Iñaki Aldekoa editoreak eta Antton Olariaga ilustratzaileak hartuko dute parte idazlearen ibilbide oparoaren erakusgarri izango den ekitaldian.

Gainera, erreziataldia, musika eta ikus-entzunezkoak eskainiko dizkiogu sariaren irabazleari. Ospakizuna ondo amaitzeko, mokadu goxo bat izango da


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi