Mattin Irigoienek eskuratu du Donostia Hiriko saria antzerkia arloan

Argitaratua: 2010-02-28 12:44:39

Donapaleunen jokatutako Libertimenduaren irudia.

Larunbatean jakinarazi zituzten Donostia Hiriko Literatur Sarien irabazleen izenak. Gaztelaniazko ipuinen arloan, Txileko Santiago hiriburuko Marco Antonio de la Parraren «El auténtico Moreno Valdés» lana aukeratu zuten; euskarazko ipuinen artean, aldiz, Xabier Artola alkizarraren «Deception Island».
Maider Iantzi / DONOSTIA
Antzerki obrei dagokienez, euskarazko arloan Mattin Irigoienen «Jendeen jende» lana saritu dute. Ana Toledo epaimahaiko kideak agertu zuenez, bi alderdi landu ditu Nafarroa Behereko idazleak, hitza eta alde kinesikoa. Etengabeko tentsio dramatikoa, umore fina, kostunbrismo modernoa, ironiaz betetako elkarrizketa biziak... Hainbat balore aipatu ditu Toledok.

Telefonoz jakinarazi zioten Mattin Irigoieni bere obra aukeratu zutela eta hagitz gustura zegoen. Bigarren saria du, 1994an Toribio Alzaga saria jaso baitzuen. Azaldu zuenez, badira urte batzuk talde batekin Amikuze aldean antzerkia egiten dabilela eta idaztea obraren zati da; helburua ez da idaztea, taularatzea baizik. Obraren osotasuna taula gainean ikusten da.

Familia giro bat azaltzen da «Jendeak jende» lanean. Begirada ironiko batekin, irri egiteko begirada batekin agertzen da gure egungo gizartean garatzen ari den joera bat. «Hemen, gero eta jende gehiago ari da zuhaitz genealogikoak egiten. Jendeak erroak bilatzen ditu, erroak zenbat eta luzeago, euskaltasuna orduan eta barneago balu bezala. Bada jendea gazterik erretiratua eta denbora pasatzen du gauza horietan ere. Gure nortasunaren ikuspegi aski tradizionala agertzen da. Odol garbia edo ez dakit zer frogatu nahi den, betidanik izen honetakoak garela erakusteko», adierazi zuen Irigoienek.

«Jendeak jende»n erretiratu berri den izeba batek familiaren zuhaitz genealogikoa egiten du. 400 lagun gonbidatzen dituzte, denak familiakoak, nahiz eta ez duten elkar ezagutzen, eta besta bat egiten dute. «Antzerkiak ez du hori erraten, baina nik zera pentsatzen dut: joera horiek euskaltasunaren iraunkortasuna frogatu nahi dute, betierekotasun bat. Antzerkiak, berriz, jendea erakusten du, familia istorioetan kateatua, badakigulako familietan dena ez dela garbia eta badirela istorioak, ez dakizkigunak edo aipatu ezin direnak». Ezin erran horiek eztanda egiten dute eta ustekabe horiekin komedia bat edo umorezko istorio bat gertatzen da.

Zortzi pertsonaia daude, nahiz eta 400 gonbidatu izan. Dena besta aitzinetik eta ondotik gertatzen da, jaia ez da agertzen. Jai bazterreko gela ikusten dugu, jaia da aitzakia jende hori biltzeko eta gai horiek erabiltzeko. Zuhaitz genealogikoak diasporara eramaten gaitu: «Denek badugu, hemen Iparraldean behintzat, eta Hegoaldean ere uste dut baietz, norbait Ameriketan edo nonbait munduan ibilia eta zuhaitzak leku horietara eramaten gaitu. Hor etortzen da gonbidatua ez zen bat eta ustekabekoa sortzen du, inork ez baitzekien familiako hori bazenik, atipiko hori».

Iruditeria, hizkera eta zenbait erreferentzia Ipar Euskal Herrikoak dira. «Antzerkia harreman zuzeneko gauza denez, publikoarekin segituan hartu-emana izan behar da eta erreferentziak badaude jendea hunkitzeko. Egia da lanak halako bertakotasun bat, iparraldekotasun bat badaukala».


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi