Michel Labeguerieren heriotzaren 30. urteurrena kari omenaldia Kanbon

Argitaratua: 2010-07-30 10:27:02

Michel Labeguerie zendu zenetik 30 urte betetzen direnean omenaldi beroa eskeini diote Kanbon. Gaur arratsean meza baten ondoren kultura gizona eta politikaria gogoan izan dituzten hainbat pertsonaia ezagunek hitzaldia eskeini dute. Vincent Bru Kanboko auzapezarekin batera Jean Haritschelhar eta Mikel Erramuspek hartu dute hitza, baita omenduaren alarguna den Rita Labegueriek ere. Labeguerie musikaren munduan ezaguna egin zuten hainbat kantu ere abestu dituzte omenaldian zehar.

Idoia ERASO / KANBO
Politika mailan Kanboko auzapeza izan zen Labeguerie 1965. urtetik 1980an zendu zen arte. Deputatua, senatorea eta Ezpeletako kantoietik kontseilari orokorra ere izan zen. Bere burua abertzaletzat eta euskara eta euskal kulturaren defendatzailetzat hartzen zuen Labegueriek. Enbata mugimendu abertzaleko sortzailea izan zen eta Eusko Alderdi Jertzaleko ideietatik hurbil kokatu izan zen beti. Euskal Herriarekiko bere maitasuna bere kantuetan agertzen zen argiki.

Michel Itzaina idazlea eta Labeguerieren Herriko Etxeko idazkaria izan zenak kantari eta politikaria «atsegina, xarmangarria eta kasik gizon distiratsua» izan zela azaldu dio KAZETA.INFOri. «Esatari arras ona zen, salak berotzen zekiena» gaineratu du Itzainak.

Kanboko auzapezak ideia bera nabarmendu du «Gizon oso erakargarria zen, arras ongi mintzatzen zena» aitortu du Vincent Bruk. Labeguerie buruzagi baina batez ere lagun izan zuen Itzainak kantariari buruz bere gizatasuna nabarmendu du: «Nik gogoan izanen dut beti jendearekiko hurbiltasuna eta bere euskaltasuna. Medikua baitzen, oraindik ikusten dut eri baten ohe iskinan jarria bere karneta eskuetan herriko jendearen mintzaira biltzen».

Euskara eta euskal kultura
Euskararen alde borrokatu zen beti, aldi berean emazteen eta familien eskubideak aldarrikatu zituen. «Eriekin euskaraz mintzo zen beti, euskara sortetxean ikasi zuen eta euskal kulturan murgildurik izan zen Piarres Laffitte apezari esker» azaldu du Itzainak. Horren inguruan Vincent Bruk aipatu du: «Euskal Herriari buruzko ideia oso argia zuen gizona zen, uste sendoak zituen».

Bertsolaritzari esker ezagutu ziren idazkaria eta nagusia, sarritan biak gai jartzaile lanetan aritu ziren. «Mattin, Xalbador eta Uztapide lagun genituen eta bertso saioetan sarritan ibiltzen ginen» adierazi du  Itzainak.

Michel Labeguerie kantaria ez zen diska eta kontzertuetan soilik agertzen Bruk oroitzen duen legez: «Bere autoan beti kitarra eramaten zuen eta bilkurak luzeak zirenean kitarra jotzen zuen. Euskal Herriarekiko zuen pasioa idazten zituen kantuen bitartez adierazten zuen».

Euskal Kultur Erakundeko zuzendaria den Pantxoa Etchegoine Michel Labeguerieren izena eramango lukeen saria sortzea gogoetatzen ari da. Sari horren bitartez euskal musikari berrikuntza ekartzen dion edozein kantari sarituko litzateke, bere estiloa kontutan izan gabe. Bruk beharbada heldu den urtean abian jarriko dutela egitasmoa adierazi du.

Omenaldia
Begirune ekimena Saint Laurent elizan egin den mezarekin hasi da. Ondoren duela hamar urtetik Labeguerieren omenez oroitgarri bat duen Saint Joseph parkean zenbait hitzaldi eta kantu entzun dira.

Omenaldian Labeguerie izan zen gizon aberatsaren alderdi ezberdinak izan dira aipatuak. Horrela egungo Kanboko auzapezak gizon politikoa izan du gogoan. Euskaltzaindiako presidente ohia den Jean Haritschelharrek euskararekiko egin zuen borroka nabarmendu du eta Euskal Kultur Erakundeko presidentea den Mikel Erramuspek kantu eta kultura mailan izan zuen garrantzia azpimarratu ditu. Gizona bera denek aipatu badute ere Rita Labegueriek izan du ikuspegi hurbilena.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi