Ahozko ondarearen bilketa publiko zabalari ezagutarazteko «Amikuztarrak mintzo» erakusketa antolatu dute
Donapaleuko mediatekan aurkeztuko diren lekukotasunen artean Maddi Oxarangorena dago. Irudia, "xaharren urratsetik" programatik hartutakoa da. www.eke.org
Zer da eleketa programa ? 2007. urtean Euskararen Kultur Erakundeak (EKE) hitzaren bila abiatu zuen ahozko ondarearen bilketa da eleketa. Orain arte, lekukotasunak bildu eta horien digitalizazio eta artxibo lanari ekin dio Terexa Lekunberri etnografoa buru duen taldeak. Izan ere, Baxe Nafarroan, preseski Amikuzen, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin (NUP) eta Eusko Kultur fundazioarekin elkarlanean eginiko bilketa publiko zabalari ezagutarazi nahi dio EKEk. Horregatik, Donapaleuko mediatekan, azaroaren 18tik 2010eko urtarrilaren 16ra «Amikuztarrak mintzo» erakusketa zabalik izango da.
Maite UBIRIA | BAIONA
Euskal Kultur Erakundeak 2007an abiatu lekukotasuna bilketa handia Baxe Nafarroan abiatu zen. NUP-ek eta Euskokultur fundazioak proposaturik Amikuzen abiatzen da ahozko memoriaren biltzeko lana. EKEk hartzen du beregain bilketa. Izan ere, tokian tokiko aholku batzordea sortzen da, lelukoak hautatu eta elgarrizketak hobeki prestatzeko. Ondoren, elgarrizketak egiten dituzte, Aldudarrak horien grabaketaz arduratzen delarik.
Testigantzak jaso ondoren, artxibatzeko lan zamatsua hasten da. Terexa Lekumberri ikertzaileak azaldu duenez, lekukotasunak numerizatuak izanen dira, sekuentzietan zatituak eta Areia logiziera baliatuta tratatuak dira, «alde batetik, Goi Nafarroako Unibertsitatera bidaltzeko, www.navarchivo.com jaso dezan, baina baita Baionan eginen dute artxibategian sortuko den ahozko ondarearen departamenduan gordetzeko».
Lekukotusan bildu eta gordetzearekin batera, hirugarren helburua badu eleketa programak. «Lehenik eta behin lekukotasunak ezagutarazi nahi ditugu, hedapen hurbila lehenetsiz, eta horregatik Donapaleuko mediatekan azalduko dira Amikuzen harturiko ahozko testigantzak».
Bi urtez hogeita hamar amikuztar baino gehiago grabatuak izan dituzte, eta azaroaren 18an eta urtarrilaren 10a bitartean Donapaleuko mediatekan zabalik izanen den erakusketan lekukotasun horien entzun eta ikusteko parada izanen da.
Hilaren 21ean erakusketaren estreinaldi ofiziala eginen dute, bilketa programan parte hartu duten hainbat presunen presentzian. Bestalde, mediatekak hainbat animazio prestatu ditu inaugurazio ekitaldia girotzeko.
Amikuzen abiatu zen bilketa lana ez da batere bururatua. 2008-2009an, Baxe Nafarroako beste kantonamendutara lehenik (Garazi, Baigorri, Iholdi...) eta ondoren Lapurdira (Itsasu, Ahetze) eta Xiberura (Lakarriko Johañe Etchebarne artzana Arrazolatzeko bere olhan elgarrizketatua izan da ) eraman dute ahozko ondarea atxikitzeko esfortzua.
Egun, 126 lekukotasun badituzte ere, 2011. urte bitartean 140ra heltzea espero dutela azaldu du Pantxoa Etxegoin, Euskal Kultur Erakundeko lehendakariak.
Erran bezala, Amikuzen hasiko dira bilkera programa publiko zabalari ezagutarazteko lana. Izan ere, Baxe Nafarroatik beste hainbat lekutara eraman nahi dute gaur Baionako Euskal Museoan aurkeztu duten ekimena.
Bestalde, Mendi Esteban, erakusketaren arduradunak azaldu duenez, abendutik goiti www.eleketa.com helbidean erakusketaren osagai nagusiak (grabaketak, filmazioak eta baita argazki zaharra ere ) atxeman ahalko dira.
«Amikuztarrak mintzo» erakusketan hiru ukipen-pantailatan ezarria den aplikazio elebidun baten bidez Amikuzeko eskualdean bildu lekukotasunen hautaketa bat izanen da ikusgai.
Orotara 30 lekuko eta 72 bideo-zati gaika sailkatuak izanen dira Donapaleuko Mediatekan. Hortaz gain, hogoi bat irudiz osaturiko argazki bilduma erakutsiko dute baitaere.
(Irakur ere:
- Euskokultur fundazioak Nafarroako ahozko ondarea jasoko du milaka lagunei eginiko elkarrizketen bidez.
- EKEk inkesta berriak burutuko ditu Baxenabarreko hainbat herritan ahozko memoriaren programaren kariaz.




