Mixu «trobadoreari» omenaldi beroa eskeini diote Urruñan

Argitaratua: 2009-01-09 15:36:41

«Hi huan Urruñako, Baionako, Euskal Herriko trobadore». Hitz horrekin oroitu nahi izan dute Mixu bere umetako lagunek. Patrick Mixelena, Mixu, gaur zortzi hil zen Baionako Aviron rugbi taldeko kirol zelaian bihotzak jota. Gaurdanik, bere familiak Urruñan duen hilobian pausatzen da Sustraia taldeko atabalaria. Hilerriko alboko plazan musikaz, bertsoz, saminaz eta, ororen gainetik, maitasunez beteriko omenaldia egin diote "XXL" tamaina zuen musikari eta herritarrari.

Maite UBIRIA
Begiak bustirik eta bihotzak bero. Omenaldia hunkigarria, benetan, ostiralean 10.00 orenetik Urruñan burutu dena. Mixu abeslariari azken egurra emateko eta, nola ez Karine neska-laguna eta Xan eta Ximun semeak babesteko, jende anitz elkartu da hilerriaren ondoko plazatxoan.

Mixu erraldoia izanik, tamainako argazkia ezarria zen bertan. Ondoan, gitarrak, eta lore-sorta asko. Dantzaldi taldeak, Xalbador Kolegioak, Errobi ikastolak, lagunek eta senitartekoek... loreak eskeini dizkiote 39 urteko adinarekin itzali zen musikariari.

Adarrak lehenik eta txalapartaren soinua ondoren iragarri dute omenaldi zibilaren hasiera. Espeiz Mukaki taldeko datzari bati egokitu zaio ohorezko aurreskua dantzatzea eta, Beñat Elizondoren zuzendaritzapean Urruñako Kuxkuxtu txarangak habanera soinuaz bi bertso eder opari dizkio zortzi urtez plazaz-plazaz beraiekin batera ibilitako musikari gazteari.

Guziz hunkiturik zen umetako lagunak hartu du hitza ekitaldian, Mixuk erabiltzen ohi zuen esaldia bereganatuz: «marka ederrak egin ditiagu elkarrekin!» bota du, saminaz beterik. Musikari gazteak «bere herriari, Urruñari, eta Herburua auzoari atxikia zela» gogorazi du ondoren.

Musika izan da, edonola ere, protagonista nagusia gaurko omenaldian, musikaz balia igaro baita Mixuren bizitza. Sustraiak taldeko lagunak han ziren, baita Maialen Errotabehere eta Xabaltx. Mixelenarekin batera MMX taldea osatzen zuten musikariek, tarteka begi malkotan, "XXL", "Oi Maitea" eta, noski, "Hegoak" abestu dutelarik. Eric Claptonen "Tears in Heaven" abestuz burutu dute omenaldia.

Isiltasuna izan da nagusi, orduan. Jendeak pasabide estua ideki du eta senitarteko eta hurbileko lagunek errautsen kutxa hilobira eraman dute. Ehorzketa pribatua izanik, jendea plazatik segitu du azken agurra.

Urruñarrek biziki maite zuten Mixu eta familia eta herriko jendearekin batera musikariari «ez adiorik» erraiteko musikari asko ikusi ditugu gaurko omenaldian. Batzuk soilik aipatzearren, han ziren Niko Etxart, Anje Duhalde, Mixel Ducau, Patxi Perez, Paxkal Indo, Joxemari Ostolaza....

Euskal kulturako eragileak ere bertan izan dira: herriko dantzariak, Mizel Etxeberri Seaskako lehendakari ohia, Pantxoa Etxegoin, Euskal Kultur Erakundeko (EKE) lehendakaria omenaldian izan dira.

Urruñako auzapeza, Odile De Coral, han izan da baitaere, baita Filipe Aramendi abokatua eta Ixabel Etxeberria irakaslea, "Herritarrak" zerrenda abertzaleko hautetsiak.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi