Ohorezko euskaltzain berriek diplomak jaso dituzte 

Argitaratua: 2010-03-01 14:41:42

Iragan ostiralean, otsailaren 26an, Euskaltzaindiak izendatu berri dituen ohorezko euskaltzainei diplomak eman dizkie. Ekitaldian zortzi ohorezko euskaltzain izan dira. Ekitaldian «euskararen aldeko merezimendu bikainak» aitortzen dituen Euskaltzaindiaren diploma bana jaso dute, besteak beste Erramun Baxok eta Martzel Etchehandyk.

Halaxe esan die Andres Urrutia euskaltzainburuak: «Askotarikoak dira zuen eginak, hitzetan nahiz ekintzetan, euskalgintzaren esparruan. Horiek eskertu nahi ditu Euskaltzaindiak ekitaldi honekin eta bide batez, zuen presentzia baliatu zor zaizuen ohorezko izate hori nabarmentzeko eta azpimarratzeko gizartearen aurrean».

Urrutiaren esanetan, «Euskal Herri osoa dago hemen ordezkatuta zuen bitartez. Hartara, Euskaltzaindiak gogoratu nahi du herri hau hizkuntza eta kultura baten jabea dela, eta zer esanik ez, guztiok garela hizkuntza eta kultura horren partaide eta eragileak». Ondoren, ohorezko euskaltzain berrien ezaugarri bat azpimarratu du, «eragile» direla, alegia. «Hala -erran du- erakutsi duzue, eragin handikoak zaretelako euskal kulturan eta eragin luzekoak nahi zaituztegulako Euskaltzaindian eta euskal munduan».

Orotara, 11 ohorezko euskaltzain berri izendatu zituen Akademiak, urtarrilaren 29an Donostian eginiko osoko batzarrean: Pakita Arregi, Gorka Aulestia, Joxe Azurmendi, Luis Baraiazarra, Erramun Baxok, Martzel Etchehandy, Ana María Etxaide, Joshua Fishman, Jose Angel Irigarai, Joxemari Iriondo eta Xabier Lete.

Fishman, Iriondo eta Lete ekitaldian izaterik ez dute izan iragan ostiraleko ekitaldian. Beste guztiek hitz batzuk esan dituzte, eskerrak emanez eta beren poza adieraziz.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi