Orain dela 30 urte bezala, zatiketaren gainetik nafar nortasunarekin hitzordua, igande huntan, Baigorrin

Argitaratua: 2009-04-24 14:42:01

Izpiritu zehatz batekin sortu zen orain dela 30 urte lehen Nafarroaren Eguna. Nafarroa Garaia eta Baxe Nafarroaren zatiketa administratibo, ekonomiko eta politikoen gainetik nafartar izaera agerian uztea xede zuen bestak. Orduan mugak hetsiak ziren. Alta, ez orduan ez eta gaur ere muga hori ez da natural senditu. Horrela isladatuko dute, asteburu honetan, milaka nafarrek Baigorrin.

Gaxuxa ARRANBIDE | BAIGORRI
Hiru hamarkada berantago, helburu berdinak agertzen dira aurtengo ospakizunean eta amaitzear den Kulturaldiak Nafarroaren Egunak urte guzi hauetako hariari heldu diola erakutsi digu.

Pasa den astean, mendeetan zehar nafar eremuetan nortasun eta identitate politikoaren azterketa eskaini dute Roldan Jimeno Nafarroko Unibertsitate Publikoko historialariak, Gaizka Aranguren zientzia politikoetako doktoredunak eta Filipe Bidart preso ohiak eta Franche-Comté departamenduko Unibertsitatean Masterra atxiki duen ikerleak.

Zer da eta nundik heldu da Nafarroa? Zer bilakaera izan da mendeetan zehar? Galdera hauei erantzuten ibili dira hizlariak zuzenean, bideo konferentziaz edota idatziz herritarrek beren historiaren jabe izan daitezen helburuarekin.

«Bakoitzak jasotzen dituen erreferentzia historikoen bidez kokatzen du bere identitate politikoa. Hala, ez da gauza bera ikastetxeetan erakatsia den gako historikoekin, hau da Nafarroa bere kabuz bildu zitzaiola Espainiari eta Frantziari gero pentsatzea edo jakitea Nafarroa, euskaldunon erresuma, konkistatua izan dela bortizki» hartzen du hitza hastapenean Gaizka Aranguren zientzia politikoetako doktoredunak.

Izan ere, gauza bat edo bestea ikasi norberaren hautuak jo dezake alde batera edo bestera. Halaike, historiak eta historian gertatutakoek ez dute ezetan gaur egungo diskurtso soberaniazale baten oinarria izan behar Arangurenen ustez.

«Soberaniazale edozein pertsona izan daiteke, historiako erreferentziak aitzat hartu gabe ere. Baina argi da historiako erreferentziak biziki laguntzen dutela edozein pertsonen identitate politikoaren hautuan» azaltzen du Arangurenek.

Hala izanik ere, orain arte euskal herritarrei kontatua zaiena jakitea inportantea dela uste du, funtsean historia kontatzen dutenek beti irabazleek kondatzen baitute eta ez galtzaileek. Gisa hartan, galtzaileen ahotsa askotan isilarazia bada ere, Nafarroaren historiaren errekuperatu nahi izan dute hizlariek Nafarroa Egunaren bezperan.

«Afrikar erraera batek dion bezala, Safari kondakizunek beti kondatuko dituzte ihiztarien gloriak lehoinek beren historio kondalariak ukan artean. Hala, gaurkoan lehoinek kondatutako historia entzunen duzue» diote hizlariek.

«Euskalduenen eremua» deitzen diogunaren historia luzea da. Mende luzeetan gertakari frango izan dira gaur egungo egoerarat heltzeko, beraz gertakari historiko bati edo besteari garrantzi gehiago eman gabe hizlariek azpimarratu nahi izan dutenaren islada labur bildu du Roldan Jimeno Nafarroko Unibertsitate Publikoko historialariaren bozeramaileak. Nafarroaren Historia gatazkez horniturik izan da.

Gatazka bortitzak eta odoltsuak izan dira euskaldunen eremuan. Konkistazio saiakeretan murgildurik, euskaldunek erresistentziarako borrokan gaitasun handia erakutsi dute betidanik, gaur egun euskal kultura, hizkuntza eta nortasuna bizirik baitira eta bizirik irauten segitzeko konpromisuan ahaleginak egiten baitute gaur egun ere.

Idazle grekoek eta latinoek dute lehen aldiz aipatu euskal zibilizazioa Kristo aitzineko lehen mendean. Euskaldunak Baskoiak izendatu zituzten orduan eta euskal eremuaren marrazkia onartu zuten.

Gaur egungo egunean historialariak ados dira erraiteko Garona ibaitik Ebroraino zibilizazio bat badela nahiz populu ezberdinak bilduak diren bertan. Zibilizazio hori erro kultural berdina du eta zibilizazio hunen batasuna egiten duena hizkuntza da. Hau da, euskara da populu ezberdinek osatzen duten zibilizazioa batzen dituena.

Oinarri hori harturik, aurtengo Nafarroaren Eguna nafarren arteko harremana, elkarlana eta batasuna sustatzen segitzeko hitzordua izan nahi da. Hala, mugen gainetik nafar nortasuna eta identitatea adierazteko parada eskaintzen du ekimenak. Nafarroa Garaia eta Baxe Nafarroaren mota guzietako zatiketaren gainetik euskaldunen eremuan bat egiteko ekimen mota baten adibidetzat hartu nahi da Nafarroaren Eguna.

(Irakur ere: "Baigorrirat joanen naiz, jakina". Floren Aoizek idatzitako artikulua)

Irakur ere: Odei Barrosoren  bertsuak)

(Irakur ere: Nafarroaren Eguna. Egitaraua)


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi