Ozeanoa artearen ikuspegitik begiratua Biarritzeko Bellevuen
Biarritzeko Bellevue jauregiak itsasoari eskeiniko erakusketa hartuko du uda guztian zehar. Urriaren 3ra bitarte “Ozeanoa”ren baitan XIX. mendetik XXI. mendera artistek ur masa erraldoiarekin izan dituzten harremanen ondorio diren obrak deskubritu daitezke. Arte garaikideari dagokionez Dezoteux da Euskal Herriaren irudia erakusten duen bakarra, baina erakusketaren lehen zatian, XIX. mendeari eskeinia dena, Ramiro Arrue bezalako margolariak ere atzeman daitezke.
Odeien itsasotik urazpi abisaletara bidaiarazten du Ozeanoa erakusketak. Jauregian sartu eta berehala Susumi Shinguren “Odeien itsasoa” obrak egiten dio harrera bisitariari. Agurtzeko aldiz Yves Chauduëtek itsasoaren sakontasuneko eremuetako misterioak lantzen ditu. Bukaerara garamatzan ibilbide ilun batean zehar, behin begiak iluntasunari ohituta, argi nimiño batzuek birinezko medusen presentzia erakusten dute. Uretan sartu gabe hain ezezaguna zaigun eremu abisaletan murgiltzeko parada eskeintzen du artistak.
«Hasieran bisitaria zerura begiratzera gonbidatzen dugu eta bukatzeko behera sakontasun handitara sartzera behartzen dugu» azaldu zuen Florence Guionneau-Joiek Ozeanoa erakusketako komisarioak.
Bi obra horien artean itxura, ispiritu eta forma oso ezberdinetako lanak deskubritu daitezke itsasoari lotuak. Egitura oso argia duen erakusketak atal oso ezberdinak aurkezten ditu. Bertan nazioarte mailan izen handia duten zenbait artistekin ezagunak bilakatzen ari diren beste batzuekin elkartzen dira.
Erakusketaren eraketa bere gain hartu duen Guionneau-Joien arabera hiru ardatzen inguruan egituratu da. Lehenak norbanakoen ikuspegi intimistak lantzen ditu. Bigarrenak paisaian parte hartzen duen artistaren ikusmoldea irudikatzen du, ikerketa sentimenduaren baitan. Azkenik artearen praktka jolasgarriak eta poetikoak atzematen dira.
Arruetik Dezoteuxera, euskaldunak itsasoari begira
Bernard Dezoteux baionarraren izena oraindik ez da denen ahotan, baina ianeko etorkizuneko hamar artisten artean kokatua izan da. Bere bi bideo Parisen aurkeztuak dira, bata Arte Modernoko Museoan eta bestea Tokioko Jauregian. Urrunera joan gabe ere Biarretzen itsasoari eskeinia zaion erakusketan bere lana ezagutzeko parada bada.
“Biarritz” deitzen da Dezoteuxen bideoa, eta artistak berak “performance” bat bezala definitzen du. Obraren izena duen hiriko hondartzan bi giza-anfibioen ailegatzea ikusten da ikusentzunezkoan. «Ez nuen kondizio berezirik sortu nahi, bainatzen ari ziren jendeen artean bi pertsonai hauen presentzia nola hartzen zen ere ikusi nahi nuen» azaldu du artistak. Pantailak hartzen duen forma berezia Claude Viallat artistaren omenez dela baieztatu du baionarrak.
Arte garaikideari dagokionez Dezoteux da Euskal Herriaren irudia erakusten duen bakarra, baina erakusketaren lehen zatian, XIX. mendeari eskeinia dena, Ramiro Arrue bezalako margolariak ere atzeman daitezke.










