«Anitza, partehartzaile eta alaia» izan nahi duen EHZ'09 festibalaren afitxa aurkeztu dute
Euskal Herria Zuzenean festibala uztailaren lehen asteburuan ospatuko da Heletan. Xiberotik Baxe Nafarroa eta Lapurdi arteko mugarat joanen zela festibala ezaguna bazen, baita Emir Kusturica zinegile eta musikari ospetsua present izanen dela ere. Alta, ezinbesteko hitzordu kulturala bilakatu den festibalaren afitxa osoa ez genuen ezagutzen. Gaur eman dute jakitera hiru egunez luzatuko den musika besta honen eskeintza. EHZ «anitzago, animatuago eta partehartzaileago» bilakatzeko izpiruan lehen mailako kartela osatu dutelarik.
Maite UBIRIA | BAIONA
Bideoaren laguntzaz heldu den uztailaren 3,4 eta 5ean Heletan igaroko den festibalaren eskeintza aurkeztu dute, gaur goizean Baionan, EHZ'09ko antolatzaile taldeak.
Aniztasun kulturala, elkartasuna, engaiamendu soziala, herritar izaera... bere sorreratik Euskal Herria Zuzenean festibalak zabaldu nahi izan dituen baloreak nabarmentzen dira Kanaldudek ekoiztu duen bideoan, eta nola ez, Heletako herriaren aurkezpen tikia egiten da bertan irudien laguntzaz.
Xiberoa bihotzean gorderik, kostaldera hurbiltzen da aurten Festibala. Heletan, Baxe Nafarroan, igaroko da EHZ. Finean, Lapurdira hurbilduz, eta bereziki herri inguru bat hautatuz, festibalera jendea errexago erakartzea esperantza badu EHZ antolatzen duen lan taldeak. Orotarat 40 bat lagun inbestitzen dira urte osoan zehar Iparraldean ez ezik Euskal Herri osoan erreferentzia bilakatu den ekimen kultural hau aitzinera eramateko.
Leku aldaketa, antolakuntza talde berria.... Nahitaez nobedade guzi horiek afitxan isladatu behar ziren. Azken hilabeteetan festibalak hartu nahi duen bide berriari buruz hainbat informazio ukan dugu.
Besteak beste, arrakasta handiz ospatutako elektrikatasun gauak antolatu dituzte, bestetik publiko zabalago bat erakartzeko helburuarekin bat dator albiste handia eman zuten: Emir Kusturica eta bere orkestra present izanen dira Heletan. Espreski, festibala idekiko du Balkanetako bandak.
Festibala «anitza, partehartzailea eta alaia» izaitea nahi dutela azaldu dute gaurko aurkezpenean. Filosofia horren adierazle gisa aipatu dute «talde ezberdinen izanak afitxan tamaina berdinean agertzeko hautua».
Animazio eskeintza oparoa izanen da aurten. Izan ere, kontzertuekin batera aktibitate anitz antolatu dituzte. Egunean zehar aspertzeko betarik ez da izanen. Antzerkia, dantza, bideoa, fanfarreak, trikia, bertsolariak, haurrendako atelierrak... Jende guzia bere tokia atxematea festibalean izanen da helburua.
Hiru egunez, musikaz blai
Hiru egunez musikaz gozatzeko parada eskeini nahi du festibalak. Hala, egunero proposamen ugari izanen dira. Lehen egunean, erran bezala, Emir Kusturica eta The no Smoking Orchestra izanen dira Heletan. Ostiralean ere, Iparraldeko Willis Drummond eta Los Angeles-eko The Bellrays taldeek hartuko dute oholtza.
Larunbata egun luze bezain anitza izanen dela nabarmendu dute antolatzaileek. Goizeko 10.00etatik goiti era askotako kontzertu eta bestelako proposamenetaz gozatzeko parada izanen da. Eskeintza ezaugarritu nahian, «gazteendako eguna eta elektrikotasun eguna» izanen dela larunbatekoa azaldu dute.
Egun horretan aipagarria da Puppetmastaz taldearen presentzia. Txotxongiloak eta musikariak elkartzen ditu bere emanaldietan talde alemandarrak. We are Standard banda bilbotarra eta Durangoko azokaren azken edizioan gehien saldu zuen Des-Kontrol taldeen txanda helduko da ondoren.
Egun horretan animazio franko antolatu dituzte. Herriko toki ezberdinetan, hip hop edo afrikar dantzak, antzerkia (beteak beste, Dejabu eta Qualite Street antzerki taldeak ekarri dituzte), musika intimista, fanfarreak, trikia... egunaz gozatzeko eskeintza aparta izanen da.
Finean, igandean, proposamen «tradizionalak» nagusituko dira. Horrek ez du esan nahi musika isilduko denik. Beteak beste, Seun Kuti, The Congos edo Fiachras-en kontzertuak programatu baidituzte festibalari amaiera handia emateko. Bir maneran, familiak erakartzeko nahian merkatua, bertsolariez giroturiko pilota partida berezia eta zikiro antolatu dute igandean.
Hiru egunez, beste musikari, antzerkigile eta jite guzitako artistak hurbilduko dira Heletan. Ezinezkoa egiten bazaigu ere tarte honetan guziak aipatzea, hona hemen izen batzuk: Beat Torrent, Deabruak Teilatuetan, The Sparteens, Borrokan, Zura, Che Sudaka, Sebastien Schuller, Wankin Noodles, Nomada TX, Zezenaren taldea, Mikel Hats, Traboules...
(Egitarau osoa atxikitzeko: EHZ'09 webgunea)
(EHZ. Hiru egunendako bonoa edo forfait-a: astelehenetik goiti salgai Baionako Elkar liburudendan 35 eurotan)











