Pastoraleko eragile nagusiek mintzaldi bat eskainiko dute uztailaren 13an Baionako Euskal Erakustokian

Argitaratua: 2010-07-05 13:01:46

Barkoxeko herria zainetan da. Herritar guziak, uztail ondarrean plazaratuko duten pastoralaren apailatzen hortzez eta haginez ari dira. « Xahakoa » deitzen den pastoralak Alexis Etchecopar « Attuli » kantugilearen obra argitan ezartzen du. Attuli, Barkoxen bizi izan zen joan den mendean. Euskal Kultur Erakundeak gomitaturik, pastoraleko eragile nagusiek mintzaldi bat eskainiko dute uztailaren 13an, 18:00etan, Baionako Euskal Erakustokian. Pastoraleko kantuak ere entzuten ahalko dira.

Mintzaldi horretan Patrick Queheille, idazlea, Jean-Fabien Lechardoy, errejenta, Jean-Noël Pinque, süjeta, Jean-Marie Haritchabalet eta Lucien Larraus izanen dira.
Patrick Queheille, lehenik idatzi duen pastoralaz ariko da eta “Etxahun” elkartearen berri emanen du, 1962tik eta gaur egun arte, hamabost ikusgarri apailatu baititu (maskaradak, pastoralak, kantu eta dantza emanaldiak).

Jean- Fabien Lechardoy errejentak esplikatuko ditu Kristien eta Turkoen arteko keinuen eta mugimenduen diferentziak, satanen presentzia, guduken erranahia eta beste. Mintzaldia euskaraz izanen da, frantsesezko laburpenarekin.

Animazio berezi hau Euskal Kultur Erakundeak antolatzen du, Baionako Euskal Erakustokiarekin partaidetzan.
Sartzea urririk da.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi