Patrice Dumora: "Haurrekin lanean aritzea esperientzia gogorra bezain aberasgarria izan da"

Argitaratua: 2012-02-04 09:31:13

Gaizka IROZ argazkia.

Patrice Dumora Watson musikaria Akizen sortu zen 1956. urtean. "Pierre, Pierrot eta Watson" taldean aritu zen lehenik eta ondoren zortzi urtez Gazteok taldean. 1993an Akelarren talde mitikoan sartu zen. 2008an bakarkako lehen diska argitaratu zuen, "Patrice Dumora, Watson". Oraingoan oso proiektu berezian parte hartu du. Integrazio Batzordearen laguntzari esker Seaskako ikastoletan eskolatuak dauden ahalmen urriko haurrek eta beraien anai-arrebek diska bat egin dute. Haurrak laguntzen Manu, Watson eta Zebda taldeko Mouss eta Hakim musikariak aritu dira. Larunbatean diskaren aurkezpena eta kontzertu txiki bat eskeini dute haur eta musikariek Baionako Kalostrape ostatuan.

Idoia ERASO | BAIONA
Zergatik hartu duzu parte diska honetan?
Beharrezkoa delako laguntzea, aldi berean lagunak ditut bertan eta Integrazio Batzordearen laguntza jasotzen duten haurrak ezagutzen ditut. Beharrak eta laguntasunak eraman nau diska honetan parte hartzera.

Nolakoa izan da haurrekin egindako lana?
Grabaketa egin dugu, baina hori baino lehen dena prestatzeko lan handia izan dugu, eta oso aberatsa izan da. Niretzat oso esperientzia ona izan da, eta haurrentzat ere bai. Batzuetan zaila zen, arreta handiz ez baitzuten lan egiten, zaila da batzuekin, baina zoragarria ere. Nik bizi izan dut esperientzia oso gogor eta aberasgarria aldi berean, gainera zerbait berria egiteko aukera izan da.

Konturatu naiz gurasoen partetik lan handi-handia egin dela. Larunbateko kontzertua prestatzeko egin dutenaz gain gurasoak beti prest ziren eta hor zeuden lan saioak egiteko, eta beti giro onean, kantu eta irri.

Zein izan da musikariek egin duzuen lana?
Abesti askoren artean aukeratu behar izan genuen, eta hiru hartu ditugu. Nire partea haurrak grabaketarako prestatzea izan da, oinarrizko arregloak egitea. Esaten nien nola moldatzen den kopla errepika, doinu aldaketa, eta haurrekin kantatzetu dugu behin eta berriz, haiek ohitura hartu arte.

Gero Manuk bere eskusoinuarekin eta, Mouss eta Hakim kitarrajoleek musika aportazioak egin zituzten. Zebdako kideek Okzitaniako Tolosan lan handia egin zuten baita.

Zer izango da diska berrian entzungai?
Hiru kantu "herrikoi" izango dira, eta batez ere bere helburua izan zen umeen gustokoa izatea. Hortaz ez dira guztiz herrikoiak, baina hemen ezagunak direnak eta musika erakargarria daukatenak. Egin ditutu, "Aitatxiren autoa" Michel Labeguerierena, "Agure zaharra" Lluis Llachena, baina euskaratua eta gero "Ez goaz lanera", zerbait irringarria. Azken kantu hau egiteko segidan izan ziren ados, oso alaia denez oso ondo pasatu zuten.

Zein da diskoaren helburua?
Integrazio Batzordekoek errango zuten nik baino hobeto, baina diru mailan egoera larrian daudenez lehen helburua dirua biltzea da, eta haien lana ezagutaraztea ere. Umeentzako esperientzia polit bat izan da, umeak oso pozik izan ziren.

Hiru urte pasa dira zure azken lana argitaratu zenuenetik, zertan ari zara orain?
Hilaren 17an kontzertu tipia emango dut AEKko lokalean Baionan, kitarraz lagundurik. Buruan dauzkat kantu batzuk. Nahiko nuke zerbait egin, baina denbora falta dut. Posible izango banu mendian ibiltzea bakar-bakarrik kitarrarekin eta bakarrik nire musika buruan, baina ezinezkoa da momentuan.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi