Hartzaro festibala kari Truffautek inauteriari buruzko bere ikerketa aurkeztuko du Uztaritzen
Hartzaro festibala badira 16 urte jalgi zen plazarat. Ihauteri denboran heltzen zaigun festibala ostiral huntan hasi eta otsailaren 21 arte ospatuko da aurten. Hamar egunez hamabi bat ikusgarri eta hogei gora animazio ikusgai izanen dira Uztaritzen. Igande goizean Kaskarotak dira Heraitzeko auzoan eta arratsean Latsa gelan Thierry Truffautek mintzaldia eskainiko du ihauteriko musikaren erroak aipatuz. Ihauteri egunean ( astearte gizena, otsailaren 21a ) Truffautek "Joaldun eta Kaskaro" liburua aurkeztuko du. "Lapurdiko auzapez guztiak gomitatu ditugu eta herrialdeko ihauteri ohidurak biltzen dituen liburua nahi diegu eskaini", azaldu dute Hartzaro festibaleko antolatzaileek. Antropologoak azken 30 urtetan ihauteria kari eginiko ikerketaren emaitza aurkeztua da Hartzaroaren festibalaren baitan. ( Irakurri ere: Thierry Truffaut-ek eginiko lan ikerketari buruzko informazioa: Gara kazetan , EiTB.com atarian eta Bizkaie atarian ).
Maite UBIRIA | BAIONA
Hartzaro hiru xede nagusiekin sortu zen. Hastapenetik belaunaldi gazteei begira jardun dute festibaleko sortzaileek. Urtetik urtera herriko elkarteek - Herri Soinu, Latsa, Ur Begi, ASCA, Deneri Idekia, Burrunka, Uztaritzeko soinulariak...- ematen diote hatsa azken urteotan diru-laguntzen murrizketa pairatzen duen festibalari. Aurten 100 000 buxeta du zazpi egunez egitaraua aberatsa ekainiko duen jaialdiak. Hartzaroaren bigarren helburua sorkuntza artistikoaren garapenari laguntzea izanik, Hartzaro festibalaren 16. edizioa kari lau bat sorkuntza berri aurkeztuak izanen dira.
Zanpantzaren bidaia du izena ASCA elkarteak asmaturiko sorkuntza berria eta Buruz behera Arantxa Lannes-en eskutik Izartxo taldeak emazteari egokituriko dantza sorkuntza. Kukai konpainiak, bestalde, Hnuy Illa, Joseba Sarrionandiaren olerki bilduma baten izenburua eman dio bere ikusgarriari. Azkenik, Benat Amorenaren eskutik Burrunka taldeak ikusgarri berezia eramanen du plazarat, Burrunkarrika izena duena. Errobiko Kaskarotak elkarteak, azkenik, Sua dantza aurkeztuko du.
Hartzaroren xedeekin segituz, bere hirugarren helburua eta ontsalaz inportanteenetarikoa Lapurdiko ihauteria biziaraztea izan da hastapenetik. Beraz, urtero bezala, Kaskarotak, Zirtzilak, Mindulinak,Epaile, Zanpantzar, Maia, Auzapeza, Basajaun, Laminak eta, nola ez, Hartza jaun eta jabe izanen dira Uztaritzen. Ihauteriaren partehartzaile nagusiak Errobiko Kaskarotak elkartearen kideak dira.
"Elkarteak betidanik gazteri lelukotasun bat uzten die haiek ere euskal kultura aberats bat ukan dezaten, baina ez ditu gazteak baizik hunki nahi eta horregatik uztariztarrak eta berrikitan arribatutako auzoak tradizioaren partaide bilakatzea nahi ditugu" azaldu dute Filipe Lesgourgues elkarteko lehendakariak eta Pierre Haira diru-zainak Baionan eginiko aurkezpen ekitaldian.
Teruelgo danborra joleak izanen dira aurten Hartzaro festibalaren gonbidatu bereziak. Izan ere, publikoak oso eskaintza musikala anitza atzemanen du festibalean.
Otsailean 18an ostiralarekin Kafe-kontzertu gaualdia kari Garikoitz Furundarenak eta Garikoitz Mendizabalek Arnasak izena duen bere azken diska aurkeztuko dute eta ondotik Zeze-ren elektro-folk doinuak entzungai dira Didier ostatuan. Mungiatik heldutako "Itziarren semeak" taldeak ( Ttirritta ostatuan) eta Zuraideko "Momotxorroak" taldeak ( gaztetxean) gaualdia berotuko dute.
Lehen asteburuko hitzorduak
Hartzaro festibalaren denboran ekintza anitz antolatuak dira Uztaritzen. Batzuk soilik aipatuz, otsailaren 10ean Fred Fort idazleak euskal etxeen gaiari buruz eginiko erakusketa eta liburuaren aurkezpena izanen da frontoiaren Aterpe jatetxean. Otsailaren 6tik 25arte "Ihauteriak Euskal Herrian" margo erakusketa zabalik da eta otsailaren 10etik 21 arte Saint Joseph lizeoko ikasleek Maska Erakusketa antolatu dute..
Otsailaren 11an, berriz, Kiroletan antolaturiko emanaldian 200 haurrek batera euskararen alde sortutako kantu berria abestuko dute eta bukatzean Hartza Iguzki dantza ezaguna eskainiko dute Izartxo taldearen dantzariek. Kantu eta herriko musikari egokitutako gaualdia izanen da 21.00etarik goiti Heraitzeko kaperan.
Otsailaren 12an, igandearekin, Kaskarotak Heraitzeko auzoan ibiliko dira goizen eta arratsean Hiribehereko auzoan kokatzen den Latsa gelan Thierry Truffautek mintzaldia eskainiko du ihauteriko musikaren erroak aipatuz. Ihauteri egunean ( astearte gizena otsailaren 21ean ospatuko da ) Truffautek "Joaldun eta Kaskaro" liburua aurkeztuko du. "Lapurdiko auzapez guztiak gomitatu ditugu eta herrialdeko ihauteri ohidurak biltzen dituen liburua nahi diegu eskaini", azaldu dute Hartzaro festibaleko antolatzaileek.
Astearte gizena, otsailak 21ean
Garaian "Errautsen Asteazkenean" ospatzen zen inauteria Uztaritzen. Sinpleki antolatzen zuten besta: kaskarot talde batek herriko ostatuen itzulia egiten zuen. Musikarien laguntzaz egiten ohi zuten ibilaldia Purguko plazan amaitzen zen eta bertan pasatzen zen Zanpantzarren aurkako herri auzia.
Tradizio horretan oinarriturik, Errobiko Kaskarotak elkarteak ihauteria berpiztea lortu zuen 1985ean. Mitologiaren pertsonaiak eta aski galduak ziren tokiko ohidurak lotuz gaur egun milaka partaide eta ikusle biltzen dituen ihauteria berrasmatu zuten Lapurdiko hiruburu historikoan.
( Kontzertu eta emanaldientzat tokiak aintzinetik hartu: 06 26 39 09 99 )
( Txartelak salgai: Elkar Megadenda Baionan eta Uztaritzeko Herriko Etxean. Sarrerak: Kantua eta Herriko musika gaualdia: 5 eurodenentzat; Arnasak, txist eta eskusoinuaren emanaldia: 5 euro denentzat; Zanpantzarren bidaia-Buruz behera eta Kukai: 13-8-5 euro ).
Komentarioak
Mentxu
2012-02-14
Donostin entzun nuen Truffeau jauna, Aranzadi Zientziak Elkartearen eskutik. Oso lan interesgarria antropologo honek egin duena. Piriniotako antopologia berezia da, eta hori ezagutzeko, gizon honi entzun behar zaio.





- 




