Ruper Ordorikaren kantaldia igande honetan Luhuson Itsasuko ikastolaren alde

Argitaratua: 2010-03-05 12:50:38

Gaizka IROZ argazkia.

Luhuso, Ezpeleta eta Itsasuko gaztetxetako lagunek urrats bat egin nahi izan dute azken herri honetan ikastola sortzeko egitasmoari sostengua emateko. Igande honetan, arratseko 4etatik goiti, Ruper Ordorika abeslariak kantaldia emanen du Luhusuko Harri Xuri gelan. Denok oroimenean atxikitzen ditugun aspaldiko kantak gogora ekartzeaz gain, Haizea Garizumakoa bere azken diska aurkeztuko du kantari bizkaitarrak.

Ruper Ordorikak oroimen goxoak atxikitzen ditu Ipar Euskal Herian gaztetan emandako denborari buruz. Garaian Hego Euskal Herrian «etxean bereziki» mintzatzen zen euskaraz, eta «Aiherran bestelako giroa atzeman nuen, guziz euskaldun senditzeko herria, horregarik oso oroimen ona gordetzen dut», azaltzen du.

Ondorioz, Itsasun ikastola berria sortzeko egitasmoa bultzatzeko gaztetxetako jendeek egin zioten proposamenari ezin zion uko egin. «Gure musika betidanik ikastolen ondoan izan da, guretzat zerbait naturala da» gaineratzen du Ordorikak.

David Duhart, Luhusoko gaztetxeko kideak, gisa bera mintzatzen da: «ikastola sortzeko proiektua sostengatuz, geroan euskaraz ikasteko eta bizitzeko baliabide garrantzitsua ukanen dugu».

Ikastolaren eraikina egina ez bada ere, heldu den buruilean, 9 haurrekin abiatuko da ikastola Itsasun, alokairuzko apartamenta batean. Herriko Etxeak 800 m2-ko lur-eremua utzi du ikastola eraikitzeko. Izan ere, lanak ez dira 2010-2011-ko sartzerako prest.

Ikastolako burasoek eta erakasleen burutzen dutenlanari esku kolpea emaiteko, Ordorikak bere album berria aurkeztuko du igandean Luhuson. Izan ere, abeslari berak azpimaratzen duenez, antzineko kantak ez ditu baztertuko. Jendearen pozarako, ziur.

( Sartzea: 10 euro; adin tipiendako 6 euro )


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi