Sorgin ehiza aipatzeko mintzaldiak antolatu ditu Lapurdi 1609-2009 elkarteak

Argitaratua: 2009-04-17 11:06:38

1609. urtean Pierre de Lancre Bordeletik Lapurdira heldu zen sorginkeriarekin bukatzera eta ondorioz sorginen akusaziopean 50 eta 100 pertsona artean erailak izan ziren, horietako gehienak emazteak. Hala ere, haur, eliz gizon eta gizonak ez ziren saihestuak izan De Lancren epaian. Orotara 600 bat auzi eraman zituen Pierre de Lancre epaileak. Historia oroitu nahian elkarte eta erakunde ezberdinek ekitaldi kultural, historiko eta artistiko anitz antolatu dituzte jadanik eta beste hainbeste proposatuak izanen dira ere datozen asteetan.

Gaxuxa ARRANBIDE
Gertaera mingarri horiek izan zirenetik 400 urte pasa dira eta historia oroitarazi nahi duten ekitaldi anitz antolatu dira. Lapurdi 1609-2009 elkartea ere sortu da kari horretara. Datozen asteetan 9 mintzaldi antolatuko ditu euskal herritarrek beren historia berreskura dezaten.

Izan ere, elkartearen iduriz, «euskal herritarrok urteetan sorginen inguruko fantasmak elikatu ditugu eta errealitatea desitxuratua dago gaur egun». Gertakizunak mitifikatu ditugunez, errealitatea desitxuraturik da eta bi hauen arteko bereizketa egiteko lau mende hauen urtemuga mementu aproposa dela uste du elkarteak.

Euskal herritarrek bere historia berreskuratzeaz gain, ekimen hauen helburua Pierre de Lancre epailea eta Bordeleko parlamentuko kontseilariak burutu errepresioaren biktimei omenaldia eskaintzeko izanen da.

Horretarako, bederatzi mintzaldi proposatuko ditu datozen asteetan Lapurdi 1609-2009 elkarteak Lapurdin zehar. Apirilaren 24ean Baionan izanen da lehen mintzaldia eta Hazparnen burutuko da mintzaldien itzulia ekainaren 11ean. «Ekimen hauetarako Euskal Herriko historian adituak diren historialari, ikerlari eta hiztun gomitatu digu» zehazten du elkarteak.

«Garaiko egoera soziala, politikoa, erlijiosa, eta ekonomikoa ongi ulertzea ezinbestekoa da 1609ko gertakariaren nondik norakoak ulertzeko» azaldu zion Claude Labat idazlea eta elkarte kideak Kazeta.infori.

Lehen ekimena Baionako euskal museoan burutuko da. Elisabet Zubillagak "Zer gertatu da 1609an Lapurdin, errepresio honen arrazoinak zeintzuk dira" izenburua duen mintzaldiaren doinua markatuko du apirilaren 24ean, arratsaldeko 6etan Baionan. Apirilaren 28an, berriz, Veronique Duchek Pierre de Lancre epailea eta Bordaleko parlamentuko kontseilariaren pertsonalitatea aztertuko du Baionako euskal Museoan beti ere.

Ondotik beste mintzaldi batzu izanen dira: Senperen maiatzaren 8an gaueko 9etan XVI eta XVII garren mendean ziren ohiturak, bizitzeko manerak edota sinesmenak ezagutzeko parada eskainirik izanen da. Uztaritzen maiatzaren 13an gaueko 9etan euskara eta De Lancre, Donibane Lohizuneko Dupontenia gelan maiatzaren 22an, Azkainen maiatzaren 30ean gaueko 9etan, Urruñan ekainaren 5ean gaueko 9etan, Saran ekainaren 20an gaueko 9etan eta azkenik Hazparnen ekainaren 11an arratsaldeko 2etan garaiko bizitzeko baneren eta emazteen lekua gizartean tratatuko da.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi