The Sparteens taldearen "Grandes Exitos del Ayer" bilduma kalean da

Argitaratua: 2010-05-28 12:27:10

The Sparteens twist taldeak 80. hamarkadako rock erradikalean murgildu duen saga bururatua da. Hilabetero atera diren hamar kantuekin diska bat argitaratu dute. Gaur aurkeztu dute "Grandes Exitos del Ayer" izena hartu duen bilduma. Diska honek taldeko historia biltzen du, inedito bat berne. Saga bururatu arren, aitzina begira kontzertuekin aurrera jarraituko dutela azaldu diote KAZETA.INFOri talde berezi honetako lagunek.

Idoia ERASO | BAIONA
Urtebetez Euskal Herriko gazteak twist erritmoz mugiarazi dituzten The Sparteensek proiektua denborarekin nola handitu den ikusi dute. Hasi zirenetik 30 kontzertu, 23 twist lehiaketa eta hamar single atera dituzte. Esperientzia horretatik abiatuta, sorpresaz beteriko diska aurkeztu dute gaur Baionan. Singletako bertsioak izanen dira bertan, baina ez soilik, orain arteko dinamikarekin bat eginez sorpresak ere izanen baitira.

«Oraingoz diskako original bakarra izanen da, beste guztiak 80. hamarkadako rock erradikaleko kantuak baitira, twist estiloan» azaltzen diote KAZETA.INFO Iban Rusiñol-ek (Douglas Nightingale fans-entzat).
«Maribelen ahots goxoak eta musikaren kutsuak letrari erliebea ematen dio eta pixka arraroa gelditzen da. Kontrasteak gehiago indartzen du kantuek duten biolentzia. Generalean errepertorioa gure gaztetasunekoa izan da eta saiatu gara abesti guztiek biolentzia kutsua izatea» aitortzen du taldearen sortzaileak.
Zentzu horretan Maribelen irribarreak garrantzi handia hartu du, eta irriño hori ez da bakarrik kontzertuak ikusten, kantua entzutean ere entzuten baita. Horrela azpimarratu zuen Rusiñolek «Irrifarrea kantuan entzun arte ez genuen grabaketa ontzat ematen».

Hilabetero handitu den egitasmoa
«Hasiera Maribel eta bion arteko txorakeria bat izan zen, kantu bakar bat izan behar zena gero proiektu handi honetan bilakatu zen. Pixkanaka abenturan lagun musikariak enbarkatzen joan ginen» egitasmoaren hasiera izan zena azaldu zen Douglas Nightingalek.
Kontzertuetan jarraitu dituzten musikariak sartu dira proiektuan, baina aldi berean ikuslegoak ere bat egin du ideia berri honekin: «Publikoarekin erlazio polita sortu da, hurrengo kantua eta hurrengo oparia zein izanen zen itxoiten zuten aldiro. Espekulazioaren jokoa oso dibertigarria izan da».

( The Sparteen taldearen diskoa saltokietan eta interneteko helbide honen bidez eros daiteke )


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi