The Sparteens twist taldeak 80. hamarkadako rock erradikalean murgildu duen saga bururatua da
Bi lagun igande batean izan zuten «ideia txoro» batetik abiatuta Euskal Herria twist erritmoan dantzaraztea lortu du The Sparteens taldeak. Oraingoan taldeak saga bukatutzat eman du. Hilabetero atera diren hamar kantuekin diska bat argitaratzeko asmoa dute maiatzean zehar eta, aitzina begira kontzertuekin aurrera jarraituko dutela azaldiu digute talde berezi honetako lagunek.
Idoia ERASO | BAIONA
Urtebetez Euskal Herriko gazteak twist erritmoz mugiarazi dituzten The Sparteensek proiektua denborarekin nola handitu den ikusi dute. Hasi zirenetik 30 kontzertu, 23 twist lehiaketa eta hamar single atera dituzte. Esperientzia horretatik abiatuta, sorpresaz beteriko diska argitaratuko dute maiatzean. Singletako bertsioak izanen dira bertan, baina ez soilik, orain arteko dinamikarekin bat eginez sorpresak ere izanen baitira.
Amets Arzallusen hitzekin egin kantua batuko zaie bertsioei. «Oraingoz diskako original bakarra izanen da, beste guztiak 80. hamarkadako rock erradikaleko kantuak baitira, twist estiloan» azaldu zuen Iban Rusiñol edo Douglas Nightingale fans-entzat.
«Maribelen ahots goxoak eta musikaren kutsuak letrari erliebea ematen dio eta pixka arraroa gelditzen da. Kontrasteak gehiago indartzen du kantuek duten biolentzia. Generalean errepertorioa gure gaztetasunekoa izan da eta saiatu gara abesti guztiek biolentzia kutsua izatea» aitortu zuen taldearen sortzaileak.
Zentzu horretan Maribelen irribarreak garrantzi handia hartu du, eta irriño hori ez da bakarrik kontzertuak ikusten, kantua entzutean ere entzuten baita. Horrela azpimarratu zuen Rusiñolek «Irrifarrea kantuan entzun arte ez genuen grabaketa ontzat ematen».
Hilabetero handitu den egitasmoa
«Hasiera Maribel eta bion arteko txorakeria bat izan zen, kantu bakar bat izan behar zena gero proiektu handi honetan bilakatu zen. Pixkanaka abenturan lagun musikariak enbarkatzen joan ginen» egitasmoaren hasiera izan zena azaldu zen Douglas Nightingalek.
Kontzertuetan jarraitu dituzten musikariak sartu dira proiektuan, baina aldi berean ikuslegoak ere bat egin du ideia berri honekin: «Publikoarekin erlazio polita sortu da, hurrengo kantua eta hurrengo oparia zein izanen zen itxoiten zuten aldiro. Espekulazioaren jokoa oso dibertigarria izan da».
Kontzertuak ikusi zituzten jende askok gero diska non erosi ez zekitela hurbiltzen ziren kantariengana. Maiatzan argitaratuko den diskarekin arazo horri konponbidea atzemanen zaio, denak aurrikusi bezala joanez gero banaketa tradizionala izanen baitu diska berriak.
The Sparteens noiz arte?
«Farregurea ematen digun arte segituko dugu, grazia bukatzen zaionean beste zerbaitetara pasatuko gara» hitzekin erantzun zion Rusiñolek Sparteensen musikaz noiz arte gozatzen ahalko dugun galderari erantzunez.
Irriak atxikitzen duen bitarteko etorkizun hori kontzertuz jantzia izanen dela argi du Douglasek, horrek ematen baitu bizia eta jana mahai gainean. «Ikuslegoa irribartsu ikusten dugu eta sorpresa onak irakurtzen ditugu jendearen aurpegietan». Sorpresa estiloak eta taula gainean hamar pertsona ikusteak sortzen duela erran du Douglasek: «Hamar persona izatea inportantea da eta ez bakarrik soinuarengatik, bisualki ere aberatsa delako».
Twistak gazteria mugitzea lortu du. «Euskal jendea mugiaraztea oso zaila da, baina twist lehiaketarekin berehala jokoan sartzen dira, beharbada zerbait irabazteko dagoelako».










