"Xahakoa" pastorala gauez ikusteko parada Barkoxen

Argitaratua: 2010-08-01 11:42:33

Pastoral bat gauez eskeintzen den lehen aldia ez baldin bada ere aurtengo pastoralaren bigarren emanaldiak mendi arteko iluntasunaren xarma izanen du gehigarri. Larunbat gaueko bederatzietatik aurrera Attuliren bizitzaren berri ematen duen pastorala eskeiniko dute barkoxtarrek. Estreinaldia joan den igandean egina izanik aste honetako emanaldirako aktoreak askoz aiseago direla azaldu du Joanes Etxebarria antolatzaileak. «Lasaitasun askoz gehiago nabari da aktoreen artean, bereziki lehenengoa ongi atera baitzen».

Idoia ERASO / BARKOXE
Urdiñarbe eta Eskiulan ianeko egina izan den gaueko emanaldiak eskaera tekniko bereziak ekartzen ditu, bereziki argiztapenari lotuak. «Foko aski sinpleak jarri ditugu, ez da argi jokorik izanen, baina ikuslegoa ere arinki argitua izanen da liburua irakurri ahal izateko» azaldu du Joanes Etxebarriak.

Larunbateko emanaldirako aurresalmentak estreinaldirako bezain ongi ari dira pasatzen, hori dela eta joan den astean bezala emanaldia beterik izanen dela espero dute antolatzaileek. Emanaldi berezi honetarako eguzkitan egon nahi ez zuten jende zaharra izanen zela pentsatzen zuten antolatzaileek, baina orain arte izan dituzten ohiartzunek bereziki jende gaztea izanen dela diote. «Pastorala ikusi eta gero besta egiteko plana ona dela uste dute dute gazteek seguruenik» adierazi du Etxebarriak.

Aurresalmenta Internet bitartez egiten ari da, sarrera izanen dutela lasai egon nahi dutenek www.xahakoa.org webgunean sartzea besterik ez dute behar. Hala ere bost ehun bat sarrera utziko dira mezaren ondoren eta pastoralaren sarreran saltzeko.

Meza arratsaldeko bostetan izanen da eta seiak aldera, mezatik landa, karrika-ingurua eginen dute aktoreek herrian zehar. Meza igande goizean Euskal Telebistako euskarazko katean ikusteko parada izanen da.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi