Zinemaldiak atzera begirakoa eskainiko dio Georges Franju zuzendari bretoiari

Argitaratua: 2012-01-31 12:04:59

Georges Franju (1912-1987) jaio zela ehun urte betetzen direnean, Zinemaldiak atzera begirakoa eskeiniko dio zuzendari bretoiari. Zikloak Quim Casasek eta Ana Cristina Iriartek koordinatutako liburu bat ere izango du. Franju zinemagilea Estatu frantseseko zinemagintzan pisuzko irudia izan zen. Henri Langlois eta biek Zinemateka frantsesa sortu zuten 1936an.

Zuzendari lanetan 1949an hasi zen, dokumentalgintzan, zehazki. Genero horretan, historiara igaro diren zenbait lan egin zituen, hala nola "Le Sang des bêtes", "Hôtel des Invalides" edota "En passant par la Lorraine".

Franjuk, kameraren bidez "objektuen poesia kontaezina bilatzeko obsesioa" zuen, eta nahi horri eutsi zion fikziozko film luzeak egiten hasi zenean, hau da, "La Tête contre les murs" (1958) egin zuenean, edota ondoren egindako "Les Yeux sans visage" (1959) lanean. Bigarren film hori fantasiazko zinemagintzako maisulan gisa jotzen dute.

Herri-kulturak eta zinema mutuko serialek liluratu egiten zuten zinemagile bretoia, eta halaxe nabari da "Pleins feux sur l'assassin" (1960), "Judex" (1963) edota "Nuits rouges" (1974) filmetan.

Literaturako obra klasikoak egokitzeko gaitasunagatik ere nabarmendu zen Franju, eta obra horiei bere ukitu pertsonala emateko gaitasuna erakutsi zuen. Hala, aipatzekoak dira François Mauriac ("Thérèse Desqueyroux", 1962), Emile Zola ("La Faute de l'Abbé Mouret", 1970), Joseph Conrad ("La Ligne d'ombre", 1973) edota Jean Cocteau ("Thomas l'imposteur", 1964) egileen lanen moldaketak.

Horrela, Donostiako Zinemaldiko arduradunen arabera, gaur egun "modu bidegabean" ahaztuta dagoen arren, Franjuren lanak ospe handia izan zuen kritikaren artean, eta nouvelle vague mugimenduko zinemagile gazteen mirespena ere lortu zuen.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi