Zuberoako ikastoletako ikasle ohiek Maskarada egiteko urratsa eman dute

Argitaratua: 2012-01-27 23:01:19

Hasieran, Gamere-Zihigak egin behar zuen negu honetan maskarad. Ezbehar bat tarteko, xedea bertan behera gelditu zen. Ondoren, Santa Graziko herritarrek urratsa eman zuten maskarada antolatzeko baina handik guttira proiektua baztertu behar izan zuten. Azken iragarpena Ipar Euskal Herriko Hitzaren bitartez ezagutu dugu, Zuberoako ikastoletako ikasle ohiek apirileko bost igandeetan maskarada eskainiko dutela erabaki dute. ( Ipar Euskal Herriko Hitzan argitaraturiko artikulu osoa hemen ). ( Entzun Bettan Bordagaray eta Joanes Etxebarria Ikastolako ikasle ohiak eta maskaradaren builtazaleak Xiberoko Botzan )

Berez, urte hasierarekin abiatu behar ziren maskaradak. Izan ere, gora behera asko izan eta gero, atzerapenarekin bada ere, ihauteriari loturiko ikusgarria izanen da aurten ere. Hala baieztatu du XIIO Xiberoko Ikastoletako Ikasle Ohiak elkarteak.

"Hasieran, gure taldeko batek erran zuen ez zuela sekula maskaradarik eginen, bere herrian ez baita dantzaririk, eta erran genion ikasle ohien artean egin behar zela". Bettan Bordagarai Urdiñarbeko gazteak hitz horiekin esplikatu dio Ipar Euskal Herriko Hitzari xedearen abiapuntua.

Gazteak gaineratu duenez, haien inguruan beste hiruzpalau lagun bildu, eta deialdia hedatu zuten. Joan den astean egin bilkura batean, hogeitik gora izen zerrendatu, eta abiatzeko erabakia hartu zuten.

Apirilaren 1ean abiatuko direla iragarri dute, eta bost herritan ibili behar lukete. Larunbat honetan eginen dute lehen trebaketa, Maulen. Lehena haien artean eginen badute ere, kanpoko laguntzaile batzuei dei eginen diete, maskarada antolaketan ez baitute esperientziarik.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi