115 herritar hil ziren iaz Frantziako espetxeetan bere buruaz beste egin ondoren

Argitaratua: 2010-01-19 13:29:16

Michèlle Alliot-Marie ministroak iazko agorrilean iragarritako suizidioen aurkako egitasmoak ez du, iduriz, emaitzarik eman. Iaz, 115 herritar hil ziren Frantziako espetxeetan bere buruaz beste egin ondoren. 2008an baino 10 heriotz gehiago. Frantziako Justizia ministroak aurkeztu bildumak presondegietan eta suizidioa entsegatu eta gero erietxean hil ziren pertsonak aipatzen ditu soilik. Zaintzapeko askatasunean ziren lagunak, irteera baimena jaso zutenak eta eskumutur elektronikoa zeramatenak ez dituzte estadistikan sartu. Herritar horiek aintzat hartu ezgero 122 suizidio agertuko lirateke MAM-en estadistiketan.

Xifra horiek «lazgarriak» direla onartu du Michèle Alliot-Marie Frantziako Justizia ministroak. Izan ere, iaz aurkezturiko egitasmoaren balioa aldarrikatu du MAM-ek.

Alta, joan den abenduan INED-ek ( Institut national d'études démographiques ) plazaratu zuen txostenak agerian utzi zuenez, Europako 15 estatuen artean espetxean gertatuko suizidio tasarik handiena du Frantziak. 2002tik 2006a bitartean bataz beste 10 000 presoetatik 20 suizidio eman ziren Frantziako presondegietan.

Iazko agorrilean, suizidio kopurua murrizteko neurriak iragarri zituen Justizia ministroak. Irriskuan ziren presoak babesteko egitasmoa abian ezarri zuen orduan Alliot-Mariek. «Pack» batzuk banatu zituzten espetxeetan non matelas, mihise eta pijama bereziak sartzen ziren. Bere buruaz beste egiten saiatu ziren presoetatik %90ak objektu horiek baliatu zituzten bere asmoa betetzeko.

Bir maneran, espetxeko langileen formakuntza hobetzeko programa plantan ezarriko zela iragarri zuen orduan Alliot-Marie ministroak. Alta, neurri horiek ez dute, oraingoz, aparteko hobekuntzarik ekarri.

Behin baino gehiahotan Europako Kontseiluak Frantziako espetxeen egoera penagarria salatu du. Arazoa aitzinetik badator ere, Sarkozy agintera heldu zenetik legeak zorrozteko onartu legeek kartzelak jendez lepo bete dituzte.

Osasun baldintza kaskarrak, garbitasun eza, presoen garapena bultzatzeko egitasmoen falta, isolamendua, bisitak eta familiarrekin kontaktu urriak... giza eskubideen alde lan egiten duten elkarteen ustez, presondegien ematen den «muturreko egoerak» eragin handia duela urtetik utera emendatzen den suizidio tasa beldurgarri horrekin.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi