Atzerriko estreinaldien erdia katalanez egitea bultzatuko du Generalitateak
Kataluniako Generalitateak, hizkuntza normalizatzeko bidean zinemak duen eragina nabarmendu nahian, atzerriko estreinaldien erdia bertako hizkuntzan egitera behartuko duen lege baten oinarriak aurkeztu ditu aste hontan. Lege honi jarraituz, zinema aretoetan eskainiko diren lanen erdiek azpitituluak edo bikoizketa katalanez izan beharko dituzte.
Katalanaren egoera normalizatzeko bidean zinema kanpoan geratzen ari dela ohartuta, lege egitasmo bat bultzatu du Kataluniako Generalitateak. Legeak aurrera eginez gero, zinema aretoetan eskainitako film atzerritarren erdiak katalanez eman beharko dira, bikoiztuta edo azpitituluak jarrita.
Joan Manuel Tresserras Kultura sailburuak aurkeztu zuen asmo hori, eta, horrez gain, jatorrizko bertsioen emanaldiak bultzatzeko asmoz, bikoiztutako pelikulen gaineko tasa bat jartzeko aukera aztertzen ari direla ere esan zuen.
Legearen aurkezpenean ezagutzera eman zutenaren arabera, egitasmoaren helburu estrategiko nagusia edozein hiritarri zinema bi hizkuntzetan ikusteko eskubidea bermatzea da. Ekimen honen babesean, edozein lan Katalunian estreinatzeko, banatzaileak bi hizkuntzetan prestatu beharko ditu azpitituluak, eta kopien erdia katalanez eta beste erdia gaztelaniaz zabaldu beharko ditu.
Neurri hori mailakatuz ezarriko dutela iragarri zuen Tresserrasek, betiere banatzaileen lana errazteko asmoz. Hortaz, eta legeak aurrera eginez gero, lehenengo urtean lanen %30 besterik ez litzateke katalanera pasatu behar, bigarrenean, %40; eta hirugarren urterako, bi hizkuntzen arteko parekotasuna lortzea da Generalitatearen asmoa.
Jatorrizko bertsioak sustatzeko neurriei dagokionez, emanaldi mota honen aldeko funts bat bultzatu nahi duela esan zuen Kultura eta Hedabide sailburuak. Horren harira, bikoiztutako pelikulei tasa bat ezarri liekeela iragarri zuen, jatorrizko lana bultzatu ahal izateko. Historikoki, bikoiztutako lanen arrakasta frankismoaren ondorio bat dela azaldu zuen aurkezpenean, eta Europako beste herrialdeetan azpitituluak jartzeko joera nagusitzen dela argitu zuen.
Legearen salbuespenak
Legearen oinarrien arabera, gaztelaniaz edota katalanez egindako lan guztiak betebehar honetatik salbuetsita daude, lanen jatorria edozein dela ere. Egitasmo hau argudiatzeko asmoz, hainbat datu esanguratsu eskaini zituen Tresserrasek. Hala, 2007an Katalunian estreinatu ziren lan atzerritarren %97 gaztelaniaz banatu zirela esan zuen. Gainera, filmen %89 soilik gaztelaniaz ikusteko aukera izan zen.




