%95a independentziaren alde azaldu da Catalunyan eginiko herri kontsultan
700 000 herriarrek bozkatzeko aukera bazuten eta horietatik 200 000ak parte hartu dute iragan asteburuan Catalunyako 167 herrietan eginiko herri kontsultan. Herri gehienetan parte hartzeak %20a gainditu du eta orotara erroldaren %30ak sostegatu dute ekimena. Oraingoan, apirilaren 25ean, legezko erreferenduma egiteko herri ekimen legegilea aurkeztuko dute Catalunyako Legebiltzarrean.
Vilaweb tokiko albistarian irakurri dugunez, herri askotan 2006ko estatutuaren erreferenduma bozkatu zenean baino jende gehiago hurbildu da asteburu honetan herri kontsultan parte hartzera. Aipaturiko webgunean emaitzak herriz-herri bildu dituzte. Hartara, balio legala ez duen kontsultan erroldaren %30ak parte hartu duela nabarmentzen du hedabide katalanak. Laburbildurik, bozka emateko eskubidea zuten 700 000 herritarretik 200 000k boza eman du, eta horietarik %95ak baietz erran dio independentziari.
Herri kontsulta bultzatu duen kolektiboak bere poztasuna azaldu du. Arenys de Munt-eko auzapezak, Carles Mórak, adierazi duenez «burujabetzaren aldeko mugimenduak aparteko garaipena lortu du». Bestalde, herri kontsulta antolatu duen kolektiboaren bozeramale den Uriel Bertran ERCko kideak «baliabide eskasak kontuan hartuta, meritu handiko emaitza dela», nabarmendu du.
ERC eta CiU alderdiek bultzatu dute gehienbat kontsulta, eta jadanik iragarri dute erreferendum legalak egiteko ahalmena galdegiteko herri ekimen legegilea aurkeztuko dutela Catalunyako Legebiltzarrean. Heldu den pirilaren 25ean beste 40 bat kontsulta egitea aurreikusten du taldeak eta bere asmoa hauxe da: Catalunya osoan independentziari buruzko kontsulta legal bat antolatzea.





