Frantziako Legebiltzarrak aho batez onartu du etxeko indarkeriaren aurkako legea

Argitaratua: 2010-06-29 16:24:54

Danielle Bousquet, deputatu sozialista kexu azaldu da Senatuak joan den astean lege egitasmoari buruz egin duen irakurketa murritza dela-eta. Legearen txostengileak nabarmendu duenez, jenero indarkeriaren izaera markatzeko asmoa zuten. Alta, senatariek etxeko indarkeria gisa ezaugarritu dute emazteek pairatzen dituzten bortizkeriak. Frantziako Legebiltzarrak aho batez onartu duen egitasmoak lehen aldikotz indarkeria psikologikoa konduan hartzen du.

Frantziako Legebiltzarrak behin-betikoz onartu du etxea edo bikotearen baitan gertatzen diren indarkeriak ekiditea xede duen legea. Egitasmoaren bidez, indarkeriaren aurkako borroka azkartzea nahi dute. 2008an 157 emazte hil ziren frantziar estatuan bikoteak eginiko erasoaren ondorioz. Erasotzaileen heren batek urruntzeko agindua zuten.

Legeak hainbat neurri aurreikusten ditu emazteen segurtasuna hobetzeko. Hartara, jujeak hiru urtez eskumutur elektronikoa eramateko zigoerra ezarri diezaioke emazteari eraso edo mehatsu egin dion bikote kide ohiari.

Deputatuek joan den astean Senatuan harturiko egitasloari neholako emendakinarik ez diote egin, legea ahal den eta fite onartua izaiteko. "Bikote ohiek hiltzen dituzten emazteen bilana onargaitza egiten zaigu eta ezin dugu jasan legearen onarpena gehiago gibelatzea" azaldu du Bousquet deputatuak.

Legearen egileetariko bat den deputatuak senatariek legea murrizteko harturiko erabakiak kritikatu ditu. Hartara, jenero indarkeriaren izaera markatu beharrean, legearen hizketa aldatu dute etxe baitan edo bikote barruan gertatzen den indarkeriaz aritzeko. Bousquet-ek azpimarratu duenez, "bikote barruan gertatzen diren 10 erasoetatik 9 emazteek pairatzen dituzte".

Gaurko bozketak irudi ez ohikoa eskeini dauku: deputatu andereak Frantziako ganberako %18a baizik ez diren arren, gaur gehiengoa ziren Legebiltzarreko aretoan.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi