FR3 Euskal Herri-ko langileek greba eguna dute gaurkoa

Argitaratua: 2009-01-05 12:34:07

Astelehenaz geroztik Frantziako telebista publikoetan ez da gehiago iragarkirik gaueko 20:00etatik eta goizeko 6:00ak arte. Erreforma horrek mota askotariko eraginak izanen ditu. Hartara, France3 Euskal Herri-ko langileak greban sartu ziren egun horretan eta asteazken honetan ere lanuztea burutzen dute. Zuzendaritzak aurreikusten dituen ordutegi aldaketek kalte egiten diotela berri lokalak jorratzen duen emankizunari salatu dute langileek.

Ikus-entzunezkoen erreformak aldaketa ugari ekarri du. Horrela, France 2 eta France 3 kateetan gaueko lehen parteko filmak iluntzeko 20.35etan hasten dira 20.50etan ordez. Alta, ordutegien aldaketak beste zeharkako eraginak ere baditu. Hala nola, France3 Pays Basque-ko albisteak iluntzeko 18:45etara aitzinatuak dira eta hiru minutu gehiago irauten dute.

France 3 Euskal Herri-ko langileak kexu dira. Erreforma dela-medio, bertoko berriak jorratzen dituen emanaldiaren errepikapena lehenago pasatuko da, eta beren irudikoz horrek ikusleen kopurua gutxitzeko arrisku nabarmena dakar. Astelehenean ez ezik, gaur ere greban dira langileak, bihar berriz ere lanari ekiteko asmoa dutelarik.

Alde eta kontra
Orain dela urte bat jakinarazi zuen Sarkozyk ikus-entzunezkoen erreforma. Iragarkiak ez izaiteko erabakiak ika-mika biziak eragin zituen, eta oraindik ere gaiak eztabaida anitz sortzen ditu.

Erreformaren aldekoak «pozik daude» kate pribatuak sos pribatuarekin eta kate publikoak sos publikoarekin ezkonduko diren neurrian. Kontrakoek, berriz, kate pribatueri, tartean TFI-eri, «eginiko oparia» salatzen dute, eta frantziar telebistaren finantzamendua eta independentzia arriskuan direla-eta errefusatzen dute erreforma.

Erreformak 450 milioi euroko galtzea suposatuko luke kate publikoentzat, haien etorkizuna zalantzan ezarriz. Baina, Estatuaren esku sartzearekin telebista publikoari sos emanen zaiola zin egina da. Horren truke, aldiz, Estatuak izendatuko ditu telebista kate publikoen zuzendariak, ministroen kontseiluan hain zuzen.

Esku sartze horrekin, telebistaren programazio bakar bat eta, ber maneran, gizarte iritzi bakar bat sortzeko arriskua dagoela uste dute erreformaren aurka direnek, era berean kate publikoen desagertzearen arriskuaren beldurra agertzen dutela.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi