Palestinara giza laguntza ematera joan diren ekintzaleen aurkako erasoa salatzeko mobilizazioak

Argitaratua: 2010-05-31 16:57:44

Ume palestinar bat loreak eskutan, portuan ekintzaileen omenez antolaturiko ongi-etorrian.

32 herrialdetatik heldutako ekintzaileez osaturiko itsasontzi-taldearen aurka erasoa burutu du Israelek. Gazara (Palestina) giza laguntza eramaten zuen itsasontzi baten aurka tirokatu ostean, gutxienez 14 pertsona hil eta beste hamarnaka zauritu dira Israelgo helikoptero batek buruturiko erasoan. Nazioarteko komunitatearen erantzun ezean, herritarrek mobilizazioak burutu dituzte berehala Ekialde Hurbilean. Iluntzean, lehen protestak egiten dituzte Euskal Herriko hiri ezberdinetan.


750 bat ekintzaile parte hartzen ari dira elkartasun ekimenean. Itsasontziak Istanbuletik atera (Turkia) eta Gazara abiatu dira palestinarrei giza laguntza emateko asmoz. Gauan, helikoptero batek nazioarteko uretan zegoen horietako itsasontzi bat tirokatu eta gutxienez 14 lagun hil ditu. Erasoak zirrara handia sortu du Palestinan zein Ekialde Hurbileko gainerako herrialdeetan.

Ban Ki-moonek, Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, Ban Ki-moonek "azalpenak" eskatu dizkio Israeli eta Europar Batasunak gertatutakoa "osorik ikertzeko" aldarrikatu du.

Arabiar Ligak, ordea, "ekintza terroristatzat" hartu du nazioarteko giza ekintzaileen aurkako erasoa.
Konferentzia Islamikoak, bere aldetik, berehala neurriak hartu behar direla Israelen aurka erran du.

Euskal Herrian salaketa nagusi
Mobilizazioak antolatuak izan dira Ekialde Hurbileko eskualde osoan. Europan, lehen protestak deitu dituzte palestinar herrialdearekin elkartasuna lantzen duten elkarteek. Hala nola France-Palestine erakundeak estatu frantziarraren hiri nagusietan elgarretaratzeak deitu ditu, horietarik bat Pauen, Pirinio Atlantikoetako Prefeturaren aitzinean.

Euskal Herrian, lehen elgarretaratzeak eginen dira iluntzean bertan Gasteizen ( Palestinarekin elkartasun plataformak deitua ), Bilbon, Donostian eta Iruñean ( Gerraren aurkako plataformak deitua ).

«Gure elkartasunik gorriena adierazi nahi diegu ekintzaile hauei eta Israelgo estatuaren izaera terrorista berriz ere salatu. Estatu genozidak ekintza hauek burutzean argi utzi nahi du elkartasuna ere bere etsaitzak hartzen duela, eta horren aurrean elkartasuna areagotzea besterik ez zaigu geratzen. Beraz, sarraski honen aurrean mobilizatzera goaz» adierazi du Askapena elkarteak prentsa-ohar batean.

Bestalde, Batasunak gogorki salatu du Gazara giza laguntza zeramaten itsasontzien kontra israeldar armadak burutu sarraskia. «Salagarri deritzogu ere nazioarteko komunitateak, eta Europar Batasunak bereziki, azaltzen duen ixiltasun eta faltsukeria. Ez al dute bada Gazako gizon emakumeek nazioartearen babesik merezi?» galdegin du alderdi abertzaleak hedabideetara igorritako agiri baten bidez.

« Elkarrizketa eta negoziazioaren aldeko hautua berresten dugu Palestinar eta Israeldarren arteko gatazkari konponbidea emateko, tresna egoki bakarra gatazka oro konpontzeko. Konponbidea herrien eta herritarren eskubideen errespetuan oinarritu behar da» gaineratu du Batasunak.

Azkenik Israelen erasoari aurre egiteko «tresna gisa deituriko boikotarekin bat» egin du Batasunak. «Israelek palestinarren eskubideak errespetatzen ez dituen heinean, gure elkartasuna era praktikoan adierazteko tresna da boikota, Euskal Herria eta Israeldar estatuaren artean alor ekonomiko, politiko, kirol edota kulturalean ematen diren harremanak etenaz", azaldu du ezker abertzaleak.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

icon

Mirari

2010-05-31

Noiz arte segituko dute ? EKEak dena gorde behar ote du ? Oraindik negar egin behar omen dugu israeldar gaixoengatik ? Palestindar guztiak desagertu arte segitzeko asmoa ote dute ? Iran, Irak, Korea.... herrialdeei egiten zaien boikota eta eskaera ezin ote zaio egin ? Eskaera edo exigentzia....
Lotsagarria !!!

Komentarioa idatzi